TTAKUN, TTAKUN! MUSIKA SORTZEN!

Ikasturte honetan, Orioko Herri Ikastolak COVID egoerako hezkuntza protokoloa jarraituz, musikako ikasgaia ia erabat berrasmatu du. Arte Hezkuntzak garrantzi handia du haurraren garapen integralean eta horren jakitun, ikasgaia eraldatu dute. 

Ohiko ikasturteetan musikako jarduerek hiru atal izan ohi dituzte: musika tresna, kantugintza eta erritmoa. Askotan egoera zailetan sortu ohi dira ideia bikainak eta horretan ari dira irakasleak. Normalean bigarren mailan geratzen diren praktika musikal batzu orain protagonista bihurtu dira: gorputz- perkusioa, makilak, eskuak… aukera pila bat sortzen da gure ikastola musikaz betetzeko. Txalaparta soinuak ere ohiko bihurtu dira Pergolan. Musika eta mugimendua uztartuz kanpoan hainbat jarduera egiten ari dira. Aurreko ikasturteetan egiten ziren entzunaldiak ere egiten jarraitzen dute: entzunaldiarekin batera marrazten, idazten, instrumentuen soinuak asmatzen…Kultura musikala ere garatzen ari dira ikasleak: Orioko musikagileetatik hasi (Julen Alonso lantzen ari dira LHko lehenengo zikloan) eta konpositore klasikoetaraino. Orioko Ikastolako haurrek musika saioez gozatzen jarraitzen dute!