Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

HH 2koak familiarizazioan

2021/10/07

Urtero berezia da Ikastolako komunitatearentzat kurtso hasiera, horregatik denbora tarte hau zaindu egiten dugu familiarizaziori esker. Denontzat da garrantzitsua, baina berezia da lehenengo aldiz 2 urteko gelara datozen ikasle, familia eta irakasleentzat.

Kontuan izan behar da ikasle hauek guraso eta familiarekiko atxikimendu oso indartsua dutela eta beraiengandik bereizteak emozio ezberdinak mugitzen dizkiela. Hori dela eta, Orioko ikastolan prozesu hau ahalik eta lasaitasun handienarekin bizitzeko saiakera egiten da, haurrei konfiantza eta ziurtasun giroa eskainiz.

Guztira ia hilabete eman dute familiarizazio prozesuan. Hasieran, gurasoez bete zitzaizkigun gelak taldetxo txikitan, gero talde handiagoan, momentu ederrak eta ilusioz beteak. Piskanaka gurasoak geletatik irteten hasi ziren eta umeak ikastolan zeuden denborak luzatzen. Hala ere, familiarizazioaren protagonistak ikasleak direnez ez da denentzat planteamendu berdina egiten eta umearen beharren arabera, bere neurriko proposamenak egiten dira.

Irriak eta negarrak, agurrak eta berrelkartzeak emozioak puri-purian antzematen dira HH2ko espazioetan.

Aurreko astean batzuk Ikastolan bazkaltzen hasi ziren eta aste honetan siesta egiten.

Ongi etorri gure familiara!

WhatsApp Image 2021-10-06 at 09.49.40.jpeg