Orioko Herri Ikastolak 50. urteurrena ospatuko du aurtengo ikasturtean. Horretarako, urtean zehar ekintza desberdinak antolatuko dira eta, hasteko, gaur, urriaren 19an, 50. urteurreneko logoa eta abestia aurkeztu dira bideo baten bitartez. Bideoan ikastolako haur guztiek hartu dute parte, 50 urte horietan Orioko Herri Ikastolak izan dituen 7 egoitza lotzen dituen ibilbidea irudikatuz.
Honakoa izan da bideorako osatu dugun ibilbidea
- Zimitorioa-saloia
- Musika eskola
- Ikastola txikia- Iturbide
- Errasti
- Kultur etxea- Maisu etxea
- DBH- C eraikina
- LH/HH- A/B eraikinak
Ekintza hori 50.urteurreneko logo eta abesti aurkezpenari begira antolatu da. Grabazioa urriaren 19an, goizeko 10:00tan hasi da eta Iban Egiguren izan da grabazioaren arduraduna.
Zimitorioko lehenengo irudia Itziar Lizaso lehenengo belaunaldiko ikasle ohia izan da. 50.urteurreneko logoaren argazkia eskuan duela eman dio hasiera ibilbideari eta bideoan parte hartu duten ikasleek, grabazioa pasatzen zen unean, musikarekin batera dantza egin dute.
Hamar minutu eskasean egin du ibilbidea grabazio-taldeak eta, gaur egungo LHko egoitzara iristean, 50.urteurreneko logoa duen banderola A eta B eraikinen ondoan dagoen bandera-mastara igo da. Nerea Intxauspe-k, hau ere lehen belaunaldiko ikasle-ohia, eta Saioa Basurko-k, logo-lehiaketako irabazlea eta DBH4ko ikaslea, HH2ko ikasleen laguntza izan dute banderola mastara igotzeko. Une hunkigarria izan da eta herritarrekin zabaltzeko modukoa zen arren, pilaketak saihesteko, banderaren igoera ikustera etortzea ekidin da eta ikasleak ere bakoitza bere gelara igo da. Bideo muntaia egiten denean, zabalduko dugu sare sozialen bitartez.
50. urteurreneko abestia eta logoa
50. urteurreneko abestiaren sorkuntza ez da zerotik hasi. 25. urteurrena zela eta Oihana Alkortak ikastolari sortutako Zortzi t'erdietako ikastolara abestiaren moldaketa bat da. Giraniceko, Iñaki Gurrutxaga, Andoni Lertxundi, Imanol Arrutik eta Mikel Heras izan dira bertsioa sortu dutenak eta Intza Unanuek jarri du ahotsa. Ikasle batzuk ere parte hartu dute grabaketani. Iñaki-ren hitzetan, “bertsio teknoagoa da aurtengoa”. Grabaketa Zarauzko Cazalisen estudiotan egin da 2021eko irailean. Abestia entzungai dago HEMEN.
Logoa, berriz, ikastolako ikasleen artean egindako lehiaketa bidez sortu da. Iraila amaieran ikasle bakoitzak logo bat sortu zuen eta geletan egindako bozketa bidez gelako logo onenak aukeratu ziren. Jarraian, Ikastolako komunitate osoari eman zitzaion 50. urteurreneko logo gustukoenaren alde botoa emateko aukera. DBH4ko Saioa Basurko ikaslearen logoa izan da aukeratua.