Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Berdintasun plana: elkarretaratzeak eta formazioa

2021/10/29

Parekidetasuna eta hezkidetza erronka handia dira Orioko Herri Ikastolarentzat. Hori dela eta duela bi urte berdintasunaren inguruan diagnosi bat egin genuen gure egoera zein zen ezagutzeko. Bertan agertutako genero-arrakala nabarmenenak gainditzeko lau lan esparru zehaztu genituen eta, hauek bete ahal izateko, ibilbide orri edo plangintza bat osatu zen. 

Hauexek dira berdintasun ikuspegia txertatzeko landuko diren esparruak:

1. Kudeaketa estrategikoa genero ikuspegiarekin

2. Antolaketa eta kultura berdinzalea

3. Indarkeriarik gabeko lan ingurune osasuntsua

4. Hezkidetza bermatzea

Lan esparru bakoitza lortzeko helburu eta neurri batzuk zehaztuta ditugu eta, urtez urte, gure kudeaketa planean horiek gauzatzen ari gara. Besteak beste, langileon artean parekidetasun eta hezkidetza talde bat osatu dugu eta bi hilez behin bildu eta gai honen inguruan hausnartu eta lan egingo du.

Horrez gain, aurreko urtean batez ere 3. esparrua landu genuen eta horrela sexu jazarpen kasuetarako protokolo propio bat sortu dugu, langileen artean aurkeztu eta onartu da eta horren inguruko formazioa jasoko dugu datorren urtearen hasieran.

Erronken artean sentsibilizazioa eta ahalduntzea ezinbesteko urrats bezala ikusten ditugu, hori dela eta indarkeria egoeretan tolerantzia 0 ekimena martxan jarri duguHau da, Euskal herrian gertatzen diren eraso matxista edo sexisten aurrean Ikastolako komunitate osoa honen gaitzespena elkarrekin egitera gonbidatzen dugu elkarretaratze baten bidez. Horretarako, egun horretan bertan guraso ordezkarien whatsap eta ikastolako sare sozialen bidez mezua zabalduko da.

Irakasleon formazioa da gakoetako bat

2. eta 4. esparruei erantzunez, irakasleon formazioa ezinbestekoa dela jotzen dugu, hori dela eta aurtengoan etapa guztietako irakasle eta hezitzaileok launa formazio ordu jasoko ditugu hezkidetzaren inguruan. Formatzailea Amelia Barquin da, filosofian doktorea eta irakaslea Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean. Emakundek 2008an argitaratu zuen Euskararen Erabilera Ez Sexista monografikoaren egilea da, emakume eta gizonekin lotutako estereotipoak, eta beroriek hizkuntzaren erabileran duten eragina azaleratu ditu. Horrez gain, hainbat hitzaldi, artikulu eta liburutan eskolarekin oso lotuta dauden gaiak landu ditu, besteak beste: generoen berdintasuna, hizkuntzaren erabilera, klasea eta jatorria.

Oraingoz HH eta LHko irakasleek egin dute formazioa baina oso emankorra izan da, eta gure jarduna behatu, eta ereduez aberasteko herramintak eta hausnarketak bideratu zituen besteak beste.

Horrela, ikasleei nola hitz egiten diegun erreparatzerakoan, neskei hitz egitean erabiltzen den tonua goxoagoa izaten dela eta askotan haien itxura fisikoaz egiten direla ekarpenak aipatzen zuen. Aldiz, mutilei hitz egitean haiek handitzen doazen heinean maitasun hitzak edo laudorioak eskasak izaten direla eta kontaktu fisikoa desagertzen joaten dela esaten zuen.
Ikasgeletan erabiltzen dugun materialaz ere jardun zuen, eta batez ere estereotipoak hautsi eta heteronormatik ateraz ikasleak aniztasunean eta errealitatean ematen diren eredu ezberdinak eskainiz hezi behar direla azpimarratzen zuen.

Irakasleak oso adi eta interes handiarekin jarraitu dituzte saioak.

WhatsApp Image 2021-10-22 at 16.40.33.jpeg