Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Herrio Taldea: "Bai helduek eta baita umeek ere jostailuak berrerabiltzeak dituen abantailak ezagutzea nahi dugu".

2021/11/18

Herrio Natur taldeak jostailu trukea antolatzen du urtero- urtero. Oso ekimen polita da eta beraiengana hurbildu nahi izan dugu gehiago jakiteko asmoz.

- Zein helburu du jolastailu trukeak?

Bi helburu nagusi ditu ekimenak. Alde batetik, kontsumoa gutxitzea eta sortzen den zaborra murriztea. Jostailuak behin eta berriz erabiltzeak horrenbeste ez erostea dakar eta ingurumenean kalte gutxiago eragitea. Bestetik, ariketa hezitzailea da. Bai helduek eta baita umeek ere jostailuak berrerabiltzeak dituen abantailak ezagutzea nahi dugu.

- Familia batek bere jostailua zuen eskuetan uzten duenean, zein ibilbide egiten du jostailu horrek?

Pertsonek gure eskuetan utzitako jostailuak jasotzen ditugu guk. Trukearen egunean bertan beste pertsona batek jaso dezake. Horrela ez bada, jostailua beharko duen beste pertsonengana bideratzen dugu. Jostailuek ibilbide desberdinak izan ditzakete, baditugu hainbat ixtori. Izan da egunean bertan utzitako jostailua jaso duen umerik. Ikusi dugu jostailu berbera urtero gurera etorri eta beste pertsona baten etxera joan denik ere. Badugu gogoan ia heldu baten tamainako panpin bat. Behin eta berriz azaldu da azokan. Trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko erakundeetara bideratzen ditugu.

- Orioko herriak erantzuten al du eta ikastetxeek zein funtzio dute?

Jostailu trukea egiten hasi ginenetik hazi egin da. Jostailu kopuru handia jasotzen dugu urtero eta jostailu andana joaten da beste etxeren batetara bueltan. Heldu zein umeek balioa ikusten dute egiten dugun horretan eta horregatik urtero antolatu nahi izaten dugu. Eskoletatik informazioa zabaltzea lagungarri da jendeari azoka datorrela gogorarazteko. Bestalde, ikastetxeetatik hainbat eskari jasotzen ditugu jostailu beharrean diren familiak laguntzeko.

- Zenbat urte da antolatzen duzuela? Zein da zuen balorazioa?

Aurtengoa 11. azoka da. Balorazioa positiboa da. Esker oneko ekimena da, oso gustora egiten duguna.