“Behi zoriontsuaren errezeta” antzezlana

Aste honetan zita berezi bat izan dute LH2ko ikasleek, aretoan antzerkia. Orioko Herri ikastolako jangelaren helburua ez da jatea bakarrik. Haurrek modu osasuntsuan jateaz gainera, esperientzia dibertigarri eta hezigarria bizi dezatela da Askoraren mahi- mahi proiektuaren ardatza. Oraingo honetan antzezlana antolatu dute eta LH2koak bertaratu dira. 

Artea eta osasuna elkartzen dira zuzeneko musika eta eszenografia ludikoa dituen ikuskizun honetan. “Behi zoriontsuaren errezeta” istorioa Pury Estalayo aktorearen bitartez egokitu eta aurrera eraman da antzerkira. Tyl Tyl antzerki konpainiak egina den antzezlan hau, 2020ko urtarrilaren 16tik aurrera hasi zen bidaiatzen Gipuzkoako ikastola eta ikastetxeetan barrena. 

Lore, 2017an Zuhaizpen jaiotako behi bat da. Karmelo Bizkarra doktoreak mundura irteten lagundu zion eta txiki txikitatik izan da aurkeztua gure gizartean. Bertan, elikadura osasuntsua, arnasketa kontzientea, emozio kudeaketa eta naturarekiko kontaktua lantzen dira. Liburua ere baduen istorio honen helburua zera da: gipuzkoako ikastola eta ikastetxeetara jarrera osasuntsu batean oinarritzen den hezkuntza bat helaraztea. Argi uzten du zeinen garrantzitsua den ohitura osasungarriak izatea gure eguneroko bizimoduan. Ederki pasa dute LH2ko ikasleek ohitura osasuntsuak ikasten!