Emozioz betetako agurra Mari Carmen eta Mari Joseri.

Isil isilik eta txingurri lan bikaina eginez, espero gabeko sopresa jaso zuten pasa den ostiralean HH5eko irakasleek. Haurrak ohi bezala "ostirala iritsi da" abestia entzun ondoren agurtu zituzten. Ez zekiten ordea, jarraian beraientzat mimoz prestatutako omenaldia zutenik zain.

Bi urtetxo zituztenetik Mari Carmen eta Mari Joserekin ikastolan hasitako talde honek, HHko etapa bukatuko du aurten eta LHko etapara pasako da hurrengo ikasturtean. Hori dela eta, agur goxo hau prestatu zuten haur hauen familiek. Emozioak dantzan jartzeko nahiko arrazoi izan zituzten, aurreskua, bertsoa, haurrek banaka-banaka emandako esaldi sorta... izan baitzuten.

Etapa amaierak beti izan ohi dira hunkigarriak, aurtengoa ordea bereziki hunkigarria izaten ari da Mari Carmenentzat, erretreta hartuko baitu ikasturte honetan. Hau jakinda, Mari Carmeni eskainitako bertso bat osatu zuten gurasoek.

Zeharo eskertuta daude bi irakasleak gurasoek erakutsi dien gertutasun eta goxotasunagatik. Sarri diogun moduan Ikastola familia handi bat da eta horren ispilu izan zen ostiraleko omenaldia ere. Gurasoak, haurrak eta irakasleak elkarrekin, elkar hartuta.