Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

DBH4ko ikasleak Baionan

2022/06/09

Ikastolako ibilbidea borobil amaitzeko, DBH4ko ikasleak Baionan izan dira. Lehen orduan Bernart Etxepare lizeoa ezagutu dute eta, ondoren, Baionako kaleetan ibili dira frantsesa eta euskalkiak praktikatzen.

Goiz borobila pasa dute Orioko Ikastolako DBH4ko ikasle eta irakasleek Baionan. Helburu bikoitzeko irteera izan da; alde batetik, Seaskako Bernart Etxepare lizeoko ikasleen errealitatea bertatik bertara ezagutu dute eta, bestetik, DBHko lau urteetan ikasitako frantsesa praktikatzeko aukera izan dute Baionako kale eta komertzioetan. 

Brebeta eta baxoa euskaraz

Bernart Etxepare lizeoko 2. mailako ikasleek (16 urte) harrera bikaina egin diete Orioko Ikastolako bisitariei. Hasteko hiru bertso abestu eta elkar ezagutzeko joko bat egin dute. Jarraian, bi taldetan banatuta, Bernart Etxepare lizeoaren sorrera, antolaketa eta azterketa ofizialak euskaraz pasatzeko dituzten arazoak azaldu dizkiete. Ikasturte amaiera izanik, egun hauetan pil-pilean dagoen gaia da hain zuzen Brebeta eta Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen aldarrikapena eta, Orioko ikasleek zuzenean ikusi eta bizi izan dute ikasleen borroka. Izan ere, goiz horretan bertan, elkarretaratze bat egin dute lizeoko ikasleek eta beraien aldarrikapenak irakurri dituzte. 

Ordu pare bateko bisita ederra izan da. Ikasleen artean konexioak egon dira, errealitate desberdinak ezagutzeko nahia izan dute eta, egia esan, zenbait ikasle denbora luzeagoan elkarrekin egoteko gogoarekin geratu dira. 

Mila esker, Bernat Etxepare lizeoko lagunei!

Baionako kaleak ezagutzen

Bernart Etxepare lizeoaren bisitaren ostean, Baionako kaleetan ibili dira Orioko Ikastolako ikasle eta irakasleak pare bat orduz. Zenbait ikaslek Santa Espiritu auzoko mural handiak ikusi dituzte eta, ondoren, guztiak zentroan ibili dira, merkatua, katedrala eta udaletxeko plazan. 

Goiz ederra pasata itzuli dira guztiak Oriora.