Sexu heziketa saioak DBH 2. mailan

Sexu heziketa saioak DBH 2. mailan
 

Ezaguna da LILIMA sexu heziketa eta aholkularitza elkarteko Aitziber Estonba Orioko Ikastolako DBHko eraikinean. Urtero etortzen da gurera, DBH 2. mailako ikasleei sexu heziketari buruzko saioak eskaintzera. Saio biziak eta oso parte hartzaileak izan ohi direla esan digu, sexualitatea guztiok dugulako eta adin horretan gaiari buruzko ezjakinasuna adina jakin-min izaten baita. Sexualitatea modu zabal batean landuko dute: aniztasun sexuala, sexualitate motak, estereotipoak, mitoak… besteak beste. Modu berean, adin horretan sortzen diren zalantzak argituko dituzte denen artean, eta auto-estimua, gogo sexuala eta harremanei buruzko hausnarketak egingo dituzte.

Hona hemen landuko dituzten oinarrizko edukiak:

  • Sexualitatearen kontzeptu zabala (plazerrarekin lotutako kontzeptua, adin ezberdinetan ematen den sexualitate mota: haurtzaroan, pubertaroan, heldutan...).
  • Gaur egungo aniztasun sexualaren inguruko azalpena.
  • Norberaren auto-irudia eta estereotipo sexualak.
  • Sexualitatearen inguruko mitoak.
  • Pubertaroko aldaketak gure auto-estimuan duten eragina.
  • Lehendabiziko gogo sexualaren aurrean sortzen diren sentimenduak.
  • Masturbazioari buruzko hausnarketa.
  • Gure harremanak eta batez ere lagun taldetan sortzen diren harremanak (ezberdina izatea, ezberdin jokatzea, lagunen arteko harreman ez osasuntsuak, taldeak hartzen dituen erabakien aurrean norberaren jarrera....)
  • Ligearen bidez, gure arteko tratu onen sustapena eta harremanetan
  • ditugun kontzeptu batzuen azalpena.
  • Pornografia eta pelikula erromantikoak eta errealitatea ezberdintzea.