HH2ko neska mutilak gustura dabiltza Ikastolan

Konfiantzaren pedagogian hain garrantzitsua den familiarizazio garaia pasa berri da Orioko Herri Ikastolan. Haurrak hezitzaileekin sortu duten atxikimendu seguruari esker, lasai eta konfiantzan dabiltza jolasean.

Hondarrarekin esperimentatzen, ipuinak kontatzen, sukalde txokoan janari goxoak prestatzen, mugimenduko eremuan salto-salto egiten, mozorrotzen... pasatzen dute goiza.

Hamaiketakoa egin eta gero, indarrak hartuta dantzan aritzen dira gerriak mugituz, Peru krokodiloa, Sorgina Pirulina eta beste hainbatekin batera.

Ondoren, batzuk jangelan betetzen dute sabela eta goxo-goxo siesta ere egiten dute Ikastolan.

Etxean bezala dabiltza lasai bi urteko ikasleak! Bejondeizuela txapeldunak eta ongi etorri Orioko Herri Ikastolara!