Baliabide digitalen ikastaroa LHko gurasoentzat

BALIABIDE DIGITALEN IKASTAROA LH-KO GURASOENTZAT

Atzo Orioko Herri Ikastolan LHko gurasoentzat antolatutako baliabide digitalen gaineko ikastaroa egin zen, eta Ander Etxanizek gidatu zuen saioa, Orioko Herri Ikastolako irakasle eta IKT arduradunak.

Aurreko ikasturteko itxialdiaren ondoren, hobekuntzak txertatzeko helburuarekin lanean jardun da Ikastola; horretarako, beharrezkoa da familiekin harreman sendoak eta komunikazio kanal efizientek izatea. Hori dela eta, ikastaro honen helburua izan da gurasoei oinarrizko trebezia digital batzuk ematea. 

Saio teoriko-praktikoa izan zen, eta Gmail, Meet, Drive eta bereziki, Classroom moduko aplikazioak nola erabili ikasi zuten gurasoek. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari ikastolako ordenagailu eramangarri bat utzi zitzaion.

Orioko Herri Ikastolak aspaldi egin zuen IKTen, hau da, baliabide informatikoen aldeko apustua. Izan ere, geroz eta gizarte digitalizatuago batean bizi gara eta gure ikasleak digitalki konpetenteak direla bermatzea da gure helburua. Konfinamenduak errealitate hori azaleratu egin zuen, eta Ikastolako komunitate osoa IKTak erabiltzeko gai izatea beharrezkoa iruditzen zaigu, baita familiak ere, LHko ikasketa prozesuan zutabe garrantzitsuak baitira.