Elkarrekin mugikortasun mugak gainditzen

Elkarrekin mugikortasun mugak gainditzen

Adei Salsamendi DBH1eko ikasleak motrizidade behar bereziak ditu eta garrantzia berezia du beretzat egunerokoan autonomia lortzeko pausuak ematea. Esaterako, ikasturte hasieratik bizikletan egiten du etxetik ikastolarako bidea, amaren laguntzaz. Eta amak jakinarazi digunez, “udaran ere horrela ibili gara. Adei bizikletan eta, ni ondoan, korrika”. 

Baina Adeirentzat ez da erraza bizikleta gainean orekari eustea eta egoera ikusirik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan lan egiten duen Alicia Figueroa gurasoak beste aukera bat eskaini zien. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak kirol materiala alokatzeko aukera ematen die Gipuzkoako ikastetxe eta entitateei. Hala, Ikastolak eskaera bideratu du eta oso laster jaso du erantzuna: abendua bitarte trizikloa alokatuko du Adeirentzat. Hiru hilabeteak pasata, beste eskaerarik ez badago, alokairua luzatzeko aukera izango da. 

Adeiren amaren hitzetan, “oso ondo datorkigu proba egiteko. Adei bizikletarekin ohituta zegoen eta hasieran arraro egiten zitzaion trizikloan ibiltzea, baina orain ohitu egin da eta egia da oreka handiagoa ematen diola. Gustura jarraitzen badu, tolesten den triziklo bat erostea pentsatzen ari gara”. 

Ikasgai ederra eman digu Adeik: elkar lagunduz guztiok egiten dugu aurrera!