Ba al dakizu zenbat azukre jaten duzun?

Aste honetan Askorakoak, Ikastolako jangela zerbitzuaren arduradunak, DBH 1era etorri dira azukreari buruz hitz egitera.

Gure elikagaien jatorria ezagutzea eta jaten dugunak gure osasunean izan dezakeen eraginaz hausnartzea inportantea da, gure kontsumo ohiturak analizatu eta aldatzen saiatzeko. Gaur egungo gizartean azukre izugarri kontsumitzen da eta honek osasun arrisku handiak ekartzen ditu. Gozoak ez diren elikagaietan ere azukrea hartzen dugu, eta horrek zaildu egiten du egunero zenbat jaten dugun kontrolatzea eta zenbatzea.

Ikasgelan egoera horren inguruan hizketan aritu dira eta elikagai prozesatuen kontsumotik azukre erantsirik gabeko elikadura tradizional batera itzuli behar dugula defendatu dute hizlariek. Gazteak gustera aritu dira gaiaren inguruan kontu-kontari eta iritzi asko entzun ditugu: “Produktu guztiek azukre erantsia dute gaur egun, ekoizpen prozesua aldatzea beharrezkoa dela iruditzen zait”- azaldu du ikasle batek. “Ezinezkoa da gomendatzen duten 18gramoko azukre kopurua soilik kontsumitzea; txokolatezko bokadilo batek 5 egunetako dosia du eta”- gehitu du beste batek.