Joseba Garrido: "Artezkaritzak gure seme alaben hezkuntzan parte hartzeko aukera eman digu"

Gaur ekainak 17, Orioko Herri ikastolako Batzar pedagogikoa ospatuko da. Arratsaldeko 18:30etan da lehenengo deialdia, 19:00tan bigarrena. Lau urte egin dituzte artezkaritzan Amaia Urkola, Joseba Garrido, Karmele Blanco eta Maitane Mujikak  eta batzar hau izango dute artezkaritzakide bezala egiten duten azkena. Laurekin bildu gara, lauren iritziak ahots bakarrean bildu ditugu, Joseba Garridoren ahotsean.

Zer da artezkaritza?

Orioko Herri Ikastola, ikasleen hezkuntza, kultur eta kirol-sustapena lortzea helburu duen herri onurako kooperatiba da eta Artezkaritza Kontseilua da ikastolaren kudeaketa eta ordezkaritza daraman organo bakarra. Ikastolako organo gorena da eta bertan ikastolako erabaki estrategikoak hartzen dira. Zortzi gurasok eta hiru irakaslek osatzen dute eta bilerak zuzendariak gidatzen dituen arren, zuzendariak ez du bozkarik.

Lau urte egin dituzue Artezkaritzan. Zein da lau urte hauetako balantzea?

Balantzea oso positiboa izan da. Ikastola hobeto ezagutzeko balio izan digu, ikastolaren egitura eta funtzionamendua hobeto ezagutu eta gure seme alaben hezkuntzan parte hartzeko aukera eman digu. Oso esperientzia aberasgarria izan da eta gure seme alaben hezkuntzan parte hartzeko abagunea izan dugu.

Lau urte hauetan eraldaketa pedagogikoa izan da erronka nagusia. LHko espazioak berritu dira, fatxada ere bai… zuzendari aldaketa ere izan dugu eta honek zuzendaritza eredu berria ere ekarri digu. Covid-aren urtea ere izan da aurtengoa… Orain atzera begiratuta erabaki asko eta asko hartu ditugula konturatzen gara.

Zer esango zeniokete Artezkaritzan sartu behar duen guraso berri bati?

Lasai hartzeko, iritzi guztiak onak direla beti eta seguru beraien hondar aletxoa ere baliagarria izango dela. Jende multidisziplinarra behar izaten da eta denok gara baliagarri. Pixkanaka joango dira gauzak hartzen eta ahal duten neurrian disfrutatzeko esango genieke, ikasteko aukera oso polita baita. 

Ez dira bakarrik izango gainera. Lan- talde polita osatu dugu orain Artezkaritzan jarraitzen duten Nagore Rementeria, Eider Salegi, Iker Elola eta Ibon Anterorekin eta esku onetan uzten ditugu. Zuzendaritzak ere asko errazten ditu gauzak, beraz, animo asko ematea besterik ez zaigu geratzen!