Mari Carmen eta Marisak, merezitako agurra jaso dute

Gaur goizean une oso berezi eta hunkigarriak bizi izan ditugu Orioko Herri Ikastolan. Urte luzeetako lanaren ostean, ondo merezitako erretiroa hartzeko unea iritsi zaie Marisa Aranburu eta Mari Carmen Arrillagari, biak ala biak oriotarrak. Herriko hainbat familia eta horien belaunaldi desberdinen lekuko izan dira, garai bateko ikasleak guraso bezala ere ikusi izan dituzte... Egindako lana eskertu eta merezitako agurra eman asmoz, omenaldi goxoa eskaini die lankide zein ikasleek.

Marisa Aranbururi DBHko jolaslekuan egin diote agurra LH5. mailatik DBH4 bitarteko ikasleek, egoerak eskatutako neurriak kontuan hartuz. Zuzeneko musika eta aurreskua dantzatu die ikasleek eta Olatz Zugastik Ikastolarentzat eginiko “Bizirik gaudelako” abesti hunkigarria abestu dute guztien artean.

Mari Carmen Arrillagari, berriz, Ikastola aurreko plazan egin zaio agurra. HH2tik LH4 bitarteko ikasleak elkartu dira burbuiletan banatuta eta horiek ere guztien artean “ Bizirik gaudelako” abestia abestu dute. Ondoren, Mari Carmenen lankideek eta Maddi. I.-k aurreskua dantzatu die. Bukatzeko, Iñaki Gurrutxaga ikasle-ohi eta gaur egungo gurasoak egindako bertsoak abestu dituzte guztiek batera.

Agurrak gaziak izan ohi dira sarri, malko bustiz beteak ere bai; hala ere, egindako lanaren aitortza jasotzeak gazitasun horri gozo puntua ematen dio eta horrela sentitu dira Mari Carmen eta Marisa gaurkoan, beraien ibilbide berriari ekiteko Orioko Herri Ikastolaren babesa sentituta eta egindako lana aitortuta.

Bejondeizuela!