Saioa Basurko: "Ohore bat ere bada Ikastolako historiaren parte bezala geldituko delako nire lana." 

Saioa Basurko-k irabazi du 50. urteurreneko irudia sortzeko lehiaketa. Zer sentitzen duen jakin nahian elkarrizketatxo bat egin dio. 

1- Sorpresa izan al da zuretzat logo lehiaketa irabaztea?

Jendeak esan zidan niri bozkatu zidala eta pentsatzen nuen aukeraren bat banuela. Hala ere, asko poztu nintzen berria jakitean. 

2- Datozen asteetan, zure logoarekin apaindutako kamiseta, sudaderak eta poltsak egingo dira. Zer sentitzen da norberak egindako lan bat herrian zabalduko dela jakinda?

Pixka bat harrigarria da zure lan bat hain zabaldua izatea eta jendeak erosiko duela pentsatzea. Ohore bat ere bada Ikastolako historiaren parte bezala geldituko delako nire lana. 

3- Diseinatzaileek zuk paperean egindako lana digitalizatu eta fondo bat jarri diote. Gustura geratu zara emaitzarekin?

Hasiera batean ez zitzaidan gehiegi gustatu. Irudiak galdu egiten zuela iruditu zitzaidan ordenagailuan ikusitakoan. Banderolan, gertutagotik eta handian ikusita, beltza ongi nabarmentzen dela iruditzen zait eta gustura geratu naiz emaitzarekin. Kolore gutxi erabiltzeko eskatu zitzaigun eta beltza aukeratu nuen nik, ondoen ikusten dena delako eta konbinatzeko errazena. 

4- Maiz marrazten duzu? Ikastarorik jaso izan duzu?

Txikitatik gustatu zait marraztea. Orain denbora gutxi dut, baina ahal dudanean eta gogoa dudanean margotzen dut. Txikitan pintura tailer bat egin nuen, baina eginez ikasi dut. Hasieran kopiatu egiten nuen, baina orain gehiago da nire sormena.