Hezkidetza programak sistematizatzen

Ate joka dugu azaroaren 25a, eta egun honek urtero balio izan digu, ikasleekin kontzientzia lantzeko dinamika batzuk egiteko. Baina ikastolan, parekidetasunaren inguruan egiten ari garen erreflexio eta lanketaren barruan, sisteman behin eta berriz errepikatzen diren jarrera edo joera batzuei aurre egiteko, egun puntualez gain, heziketa ezinbestekoa dela ondorioztatzen dugu. Hori dela eta hainbat gaien inguruan HHtik hasi eta DBHn bukatu arte koherentzia eta hari bera jarraituko duten lanketak sistematizatzeko beharra sentitu genuen. Aurtengo gure erronka horixe izan da.

Horrela, etapaz etapa gai ezberdinen lanketa egiten ari gara saio ezberdinetan. HHn hizkuntza ez sexista erabiltzea eta ekitatea bultzatu nahian kontutan hartzeko hainbat aldagai aztertzen ari gara. LHn berriz zikloaren arabera gai ezberdinak landuko dira, batetik beldurraren emozioaz hitz egingo dute, noiz sentitzen dugun beldurra, zergatik, denontzat beldurra berdina den… eta honi aurre egiteko estrategiak bilatzen saiatuko gara. Beste zikloan berriz Ez da txantxa, indarkeria da lelopean, egunerokoan hain sutil ematen diren indarkeria egoerak identifikatu eta haietaz elkarrizketak bultzatuko dira, momentu horietako emozio eta sufrimenduez… helburua hausnarketa egin eta egoera horietan norberaren jarrera nolakoa izango den aztertu eta gidoiak izatea izango da.

DBHn ere beldurra izango da gaia, baina oraingoan ikasleek ikastolako beldurguneak identifikatu eta horiek horrela izan ez daitezen irtenbideak bilatuko dituzte.

Horrez gain, erasoen aurrean horiek ez ditugula maite salatzeko elkarretaratzeak egiten hasi gara pergolan, eta DBHko ikasleek ekimenean parte hartzeko gogoa azaldu dute eta taldetxo batek DBH kanpoan elkarteratzeak egiteko gogoa agertu du eta horretarako pankarta egiten jardun zuten. Lan bikaina!