Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Berdintasunean Anitzak

Ikasleak gizarteak markatzen dituen genero estereotipoetatik libre hezi nahi ditugu

Orioko Herri Ikastolan hasieratik egin genuen hezkuntza ez sexistaren aldeko hautua. Ikasleak gizarteak markatzen dituen genero estereotipoetatik libre hezi nahi ditugu. Beraien arteko harremanak berdintasunean oinarritu daitezen eta identitateen aniztasuna onartzen ikas dezaten lan egiten dugu.

Kurrikulum guztietan zein arlo ez kurrikularrean genero ikuspegia txertatua dugu eta arlo hau lantzeko, gainera, sentsibilizazio eta ekintza zehatzak egiten dira urtero-urtero. Horrez gain, 2020/2021 ikasturtean, pausu sendoa eman da aurrera: berdintasun-taldea sortu da eta hezkidetzari buruzko plan orokorra, estrategikoa eta sistematikoa egitea du helburuetako bat.

Hasteko Ikastolak bizi duen errealitatea aztertu eta hobeto ezagutu nahi dugu, ondoren, Orioko Herri ikastolaren komunitatean eragin eta aldaketa esanguratsua lortzeko, genero-indarkeriarekin loturiko hezkidetza, berdintasuna eta prebentzioa landuz.

berdintasunean anitzak

IRAUNKORTASUNA

Iraunkortasuna ez da modako hitz bat, epe luzera begira eta isilean egiten den lana baizik. Su artifizialen antza baino gehiago du xirimiriarena.

Orioko Herri Ikastolan etapaz etapa lantzen da, Haur Hezkuntzako espazio naturala erabili eta zainduz, Lehen Hezkuntzako baratzaren eta konpostaren proiektuen bitartez, DBHn Azterkostan gure ibaiaren eta hondartza inguruak aztertuz...

Horrez gain, bi urtetatik hasita, gure ikasleengan arreta bereziarekin lantzen dugu hondakinen gaikako bilketa, elikadura osasuntsuaren garrrantzia.

berdintasunean anitzak

ELKARTASUNA

Elkartasuna Orioko Herri Ikastola osatzen dugun familia guztien izaeraren parte da. Gure komunitateak aho batez onartu zuen artezkaritza batzordean, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familiak laguntzeko beka sistema pertsonalizatua. Hartara, ikastolako familia batek nahikoa du bere egoera ikastolako zuzendaritzari aurkeztea, guztion artean sortutako babes-sistema martxan jartzeko.

Horrez gain, urtean zehar, Orioko Ikastolako maila guztietako ikasleekin hainbat elkartasun ekintza lantzen eta gauzatzen dugu, hala nola, Saharako kanpamenduetako errefuxiatuentzako janari bilketak, Rwandako komunitateen aldeko tonbola Eguberritan, Zaporeak elkartearentzako janari bilketak… Herriko beharrei erantzuteko ere, Orioko elkarteekin elkarlanean hainbat kanpainatan hartzen dugu parte, hala nola, Eguberritako opari-trukerako jostailu bilketan edo neguko hotzari aurre egiteko manta bilketan.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Euskal Herriko ikastola guztien arteko Elkartasun Kutxa ere. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, urtero-urtero, bideratzen duen milioi bat euro inguruko laguntza da. Elkartasun Kutxa honen bidez, nagusiki Ikastola berrien sorrera, inbertsio estrategikoak edo lerro berrien sorrera laguntzen dira. Euskal Herri osoan euskararen egoera ez dela berdina kontuan izanda, ez dira gutxi laguntza hau benetan eskertzen duten ikastolak.