Helburua da ikaslea gai izatea eguneroko bizitzako egoeretan lau hizkuntzetan komunikatzeko
Orioko Herri Ikastolako ikasle guztiek, eguneroko bizitzan euskaraz komunikatzeko gaitasuna lantzen dute. Euskarazko kalitatezko hezkuntza bermatzeko sortu ginen eta, euskara hizkuntza gutxitua den bitartean, ahalegin berezia egingo dugu ikasleek euskara maila ona eta euskal kulturaren ezagutza sendoa izan ditzaten. Euskara da Orioko Herri Ikastolako hizkuntza nagusia, baina ez bakarra.
Gaztelera LH1etik Batxilergoa edo Lanbide Heziketa bukatu arte ikasten dute. Ikasleek ezagutza sakona lortzen dute eta gai izaten dira bizitzako egoera edo esparru desberdinetan gaztelera egoki erabiltzeko, ahoz zein idatziz.
Eleanitz hizkuntz proiektuari esker, gure haurrek 4 urterekin izaten dute lehen harremana ingelesarekin eta Batxilergoa edo Lanbide Heziketa bukatu arte jarraitzen dute ikasten. Gainera, DBH3tik aurrera, gizarte zientzien ikasgaia ingelesez ikasten dute.
Bestalde, frantsesa ez da derrigorrezko ikasgaia, baina ikasleek aukera dute DBH etapa osoan eta Batxilergoan frantsesa ikasteko. Gainera, DBHn irteerak antolatzen ditugu Donibane Lohitzuneko merkatura eta ikasle-trukea egiten dugu Okzitaniako Calandreta ikastetxeekin.
Aipatutako hizkuntza horiek guztiak konpetentziaren ikuspegitik lantzen dira. Hau da, helburua da ikaslea gai izatea eguneroko bizitzako egoeretan lau hizkuntza horietan komunikatzeko. Horretarako, Ikastolen Elkarteak landutako ikasmaterial koherente eta progresiboa erabiltzen da eta hizkuntzetako irakasleek etengabeko formakuntza jasotzen dute.
Azkenik, ikasleen etorkizun akademikoa indartze aldera, DBH4ean latinaren oinarrizko ezagutza lortzeko aukera dute, ikasgaia aukeratuz gero. Aukeraketa bereziki interesgarria da hizkuntzak edo humanitateak ikasi nahi dituztenentzako.