Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Ikasleek eguneroko erronkei aurre egiteko barneratzen dituzte ezagutzak

Ikasleek eguneroko erronkei aurre egiteko barneratzen dituzte ezagutzak

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak 12-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu. Etapa bera, 2 ziklotan banatzen da (DBH 1-2 eta DBH 3-4).

LHko etapari jarraipena emanez, konfiantzaren pedagogian oinarrituta, pertsona jartzen dugu erdigunean, ikasleak ikasten jarraitzeko motibazioa izan dezan. Horretarako, DBHn konpetentzietan oinarrituta egiten da lan. Jakitearen paradigmatik, egitearen eta erabiltzearen paradigmara egin du jauzia Orioko Herri Ikastolak. Hau da, ikasleek eguneroko erronkei aurre egiteko barneratzen dituzte ezagutzak.

Horretarako, EKI proiektu eraldatzailean, proiektukako ikasketa-prozesuan eta taldelanean oinarritzen da Orioko Herri Ikastola.

IKASLE KONPETENTEAK

EKI proiektuaren barruan sei alor jorratzen dira, nagusiki. Horrez gain, Gorputz Hezkuntza, Teknologia, Plastika, Frantsesa, Ekintzailetza eta Ekonomia ikasgaiak ere eredu konpetentzialera ekartzen ari gara.

Konpetentzia digitala, bestalde, unitate didaktiko guztietan txertatuta dago. IKTak hezkuntzaren zerbitzura jarri dira. Hori gauzatu ahal izateko, besteak beste, ikasle bakoitzak bere ordenagailu propioa du eta harekin egiten du lan ikasgelan zein etxean.

Ikas-arloekin lotutako konpetentziez gain, bizitzarako ezinbestekoak diren konpetentzia orokorrak edo metadiziplinarrak ere lantzen dira; hala nola, ikasten eta pentsatzen ikasi; komunikatzen ikasi; elkarbizitzen ikasi; norbera izaten ikasi; egiten eta ekiten ikasi. Konpetentzia horiek ebaluatzeko ere irizpide zehatzak ditugu.

ELKARREKIN ETA ELKARRENGANDIK IKASTEN

Ikasleak elkarrekin eta elkarrengandik ikas dezaten bilatzen dugu. Horretarako, ikasgai guztietan lan-talde kooperatiboetan jartzen ditugu. Talde hauetan, lehia alde batera utzi eta ikasleek helburu komuna lortzeko banakako ardurak hartzen ikasten dute. Edukiak eta konpetentziak lantzeaz gain, elkartasuna eta elkarrekiko errespetua ere lantzen dira.