Ikastolaren hezkuntza proiektua eta funtzionamendua gurasoek eta irakasleek elkarlanean adosten dugu
760 ikaslek, 482 familiek eta 75 langilek osatzen dugu Orioko Herri Ikastolako komunitatea. Gaur egun, Herri Onurako Kooperatiba izaera du eta komunitate parte-hartzailean oinarritutako kudeaketa eredua du. Horrek esan nahi du Ikastolaren Hezkuntza Proiektua eta Ikastolaren funtzionamendua gurasoek eta irakasleek elkarlanean adosten dugula. Guztion artean. Guztiontzat.
Hala nahi duen bazkide edota guraso orok du bere iritzia eman eta parte hartzeko aukera. Urteko Batzar Orokorra, Azterkaritza Kontseilua, Hezkuntza lan-taldea, Kultura lan-taldea eta Guraso ordezkarien foroak dira elkarlanerako ditugun gune irekietako batzuk.
Orioko Herri Ikastola irabazi asmorik gabeko hezkuntza erakundea da eta horregatik du Eusko Jaurlaritzak emandako Herri Onura aitortza. Arrazagatik, egoera ekonomikoagatik, ideologiagatik edota sexuagatik inolako diskriminaziorik egin gabe, Orion bizi diren familia guztientzako ditugu ateak zabalik.