"Haurrak ez du jolasten ikasteko, baina jolasten duelako ikasten du"
–JEAN PIAGET–
Konfiantzaren Pedagogian oinarritzen gara. Haurra dago gure pedagogiaren erdigunean. Garatzeko dituen gaitasunez beteriko haurra. Gaitasun horiek gara ditzan konfiantza behar du; konfiantza inguruko pertsonengan, ingurunearengan eta bere buruarengan. Haurrak konfiantza eta ziurtasuna lor ditzan ezinbesteko garrantzia du helduaren begiradak, haurrarenganako konfiantzazko begiradak.
Gure hezkuntza jardueraren helburu nagusia bizitzako egoerei erantzuten dakiten pertsona euskaldunak, konpetenteak eta kooperatiboak garatzen laguntzea da.
Helburu hau Ikastolan lan egiten dugun guztiok partekatzen dugu, baita gurasoekin ere.
FAMILIA ETA IKASTOLAREN ARTEKO ELKARLANA:
Familia eta Ikastolaren helburu komuna da haurraren garapen integrala. Beraz, ezinbestekoa da bion arteko elkarlana.
HAURRA PROTAGONISTA:
Haurra bere ikasketa ibilbidearen protagonista da. Haurraren berezko iniziatibari lekua emanaz, jarduera eta ekintza autonomoak sustatzen ditugu eta hauek dira haurraren ikaskuntza eta garapen psikomotor, afektibo, sozial zein kognitiborako (integralerako) oinarri. Garrantzitsua da haur guztiek zerbaitetan arrakastatsu izatearen esperientzia bizitzea. Haurra baliotsu sentiaraztea, errespetatzea eta ulertzea da gure egitekoa. Gure begirada honek bihurtzen du haur bakoitza bakarra eta ezberdina.
ESPAZIOAK ETA MATERIALAK:
Guztiz berritutako espazio seguruak, atseginak, argitsuak eta autonomia bermatzen dutenak eskaintzen dizkiogu haurrari. Espazioak material aberats eta anitzez horniturik daude, haurrei, esperimentaziorako eta esploraziorako aukera ezberdinak eskainiz, bakoitzaren momentu, erritmo, interes eta nahien arabera.
ERRITMOAK ETA DENBORAK:
Haur bakoitzak bere erritmo biologiko, kognitibo, emozional eta psikomotoreak dituenez, hauek errespetatzen saiatzen gara. Eguneko ekintzak antolatzerako garaian haurraren erritmo biologikoak kontutan hartzen ditugu.
INTERAKZIOA ETA KOOPERAZIOA:
Haurrak besteekin harremantzeko berezko beharra du. Ikastolan beste haurrekin, irakasleekin, familiekin eta (herriko) komunitatearekin elkarlanean eta kooperazioan jarduteko aukera izango du.
EUSKALDUNTASUNA:
Ikastolak, euskara ardatz gisa duela, pertsona euskaldun eleanitzak hezi nahi ditu. Euskaran ardaztutako testuingurua eskainiz, haurrari euskara garatzeko edo garatzen hasteko testuinguru eta interakzio mota egokiak bermatzen dizkiogu.