Orioko ikastola, bazatoz?

2022/15/01

Matrikulazio epea zabaldu aurretik, ate irekien jardunaldia antolatu da Orioko Herri Ikastolan, Ikastola gertutik ezagutu nahi duen ororentzat. Ate irekiak urtarrilaren 15an egin dira, larunbatean. Hala ere, egun horretan bertaratu izan ezin duen orok Orioko Herri Ikastolako telefonora deituta 943 83 47 04 edo miren@oriokoikastola.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita lotu dezake hitzordu pertsonalizatua, beste egun batean bisita pertsonalizatua jasotzeko. 

Matrikulazio epea zabaldu aurretik, ate irekien jardunaldia antolatu da Orioko Herri Ikastolan, Ikastola gertutik ezagutu nahi duen ororentzat. Ate irekiak urtarrilaren 15an egin dira, larunbatean. Segurtasun neurriak errespetatzeko jardunaldia bi txandatan banatu da: 1. txanda 10:00etatik 11:00etara eta 2. txanda 11:30tatik 12:30tara. Bertaratu direnek HH eta LHko eraikinak ikusi eta, Ikastolako hezkuntza proiektua eta berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. 

Hala ere, egun horretan bertaratu izan ezin duen orok Orioko Herri Ikastolako telefonora deituta 943 83 47 04 edo miren@oriokoikastola.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita lotu dezake hitzordu pertsonalizatua, beste egun batean bisita pertsonalizatua jasotzeko. 

2022-2023 ikasturterako matrikulazio kanpaina urtarrilaren 17an hasi eta urtarrilaren 28an amaituko da (biak barne). Matrikula bulego ordutegian egin beharko da: goizez, 08:30etik 13:30era eta, arratsaldez, 14:30etik 18:30era. Familia liburua, nortasun agiriaren kopia eta umearen udal-errolda agiria aurkeztea beharrezkoa izango da. 

Ikasketa prozesu berritzaile eta aitzindaria 

Orioko Herri Ikastolan hezkuntza proiektu zehatz batekin egiten da topo. Integratzailea. Konfiantzaren Pedagogian oinarritua, ikasleak erdigunean dituen eredua da. 

Orioko Herri Ikastolan ikasketa prozesua hiru etapatan banatzen da, eta Konfiantzaren Pedagogiaren bidez etapa guztietan berrikuntza pedagogikoak garatzen ari gara. “Badira urte batzuk, 2014an hain zuzen, Konfiantzaren Pegagogian urratsak ematen hasi ginela. Esan beharra dago oso gustura gaudela eta gure pedagogia sendotzen goazela urteak pasa ahala. Guzti hau aurrera eramateko ezinbestekoa da ikasle-irakasle eta familien arteko elkarlana, hau da gure oinarria eta, horregatik, gure ibilbidea familiarizazioarekin hasten da”. 

“Haurrak, konfiantza hartzen joateko, konturatu behar da bera daukagula erdigunean, bera dela gure egunerokotasuneko protagonista, gaitasunez beterikoa. Eta konfiantza hartzen joateko ezinbestekoa da guregandik jasoko duen begirada, begirada horrek adieraziko baitio bera den bezalakoa onartua dela, beti hor gaudela behar duenerako eta sinesten dugula gaitasuna baduela aurrera egiteko eta bere helburuak lortzen joateko. Ahaztu gabe haur bakoitzak dituen erritmoak: biologikoak, kognitiboak, emozionalak… Bestalde, haurrek konpetente sentitzen joan behar dute, ezinbestekoa da zerbaitetan arrakastatsu izatea, horrek indarra emango baitie ahalegintzen joateko”.

Horretarako, Ikastolan espazio goxoak, argiak, atseginak daude haurrak gustura eta lasai egoteko. Haur guztientzat material anitzez hornitutako espazioak daude, erronka ezberdinekin. Haurra hurbilduko da, esploratzen hasiko da. “Haurrak ez du jolasten ikasteko, baina ikasteko ezinbestean jolastu behar du, emozioak bizi. Beraz, guk gonbidatzen dugu uneoro jolastera. Eta ibilbide honetan gu beraien bidelagun izango gara, haurra behatuz eta bakoitzari behar duena eskainiz eta lagunduz...”, gehitu dute.

Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan eta modu kooperatiboan lana egitearen aldeko apustua egin dute. Gizartean eta etorkizunean izango dituzten beharretarako pertsonak prestatzea da helburua eta horretarako behar diren eraldaketa pedagogikoak martxan jartzea. Garatu nahi diren pertsona ereduaren ezaugarriak zehaztu eta gelako esperientziak horretara bideratu.  Talde lanean aritzeari garrantzia handia ematen diogu, hori da oinarria. Ikasten ikasteko, zer hobe talde lanean aritzea eta taldean lan egiten ikastea baino? Gure helburua da ikasleek elkarrekin lan egitea, gatazkak era positiboan kudeatzen ikastea eta metodologia aktiboetan oinarrituta, ikasleei bizitzako egoera errealei lotutako erronka edo proiektuak aurkezten zaizkie. Eleaniztasuna (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa), logika matematikoa, ingurunearekin lotura, lagunak/ gizarte harremanak, euskal kultura eta giza-balioak (errespetua, tolerantzia, elkartasuna, berdintasuna,…) lantzen dituzte gure ikasleek”, azaldu dute.

Komunikazio bide zuzenak familiekin

Orioko Herri Ikastolak gero eta ahalegin handiago egiten du Ikastolako eguneroko jarduna familiei helarazteko. Izan ere, Ikastolak irekia izan nahi du eta gurasoen parte hartze aktiboa bilatzen du, haurren hezkuntza elkarlanean oinarritzen dela sinesten baitugu. 

Horregatik, astero-astero albisteak argitaratzen dira Orioko Herri Ikastolako webgunean, baita Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialen bidez ere. Horrez gain, Karkara herri aldizkariaren webgunean ere komunitatearen atala elikatzen du.

Aurten gainera, Orioko Herri Ikastolak bere webgunea berritu du.  Orotara, zazpi ataletan banatuta dago webgune berria: Orio gara, pertsonak garatzen, aingurak, infogunea, albisteak, multimedia, ikasgela birtuala, alexia eta familia berriak. Helburua webgune praktiko eta argia garatzea izan da eta erabiltzaile orori behar duenera iristeko bidea erraztea. 

Matrikulazio-kanpaina: Herriak sortua eta herriaren onurarako lanean

Orioko Herri Ikastolak hasiera eman dio 2022-2023 ikasturteko matrikulazio kanpainari. Orio gara, bazatoz? lemapean kanpainak Orioko Herri Ikastolak herriarekin duen lotura islatu da. Ikastola herrian sustraitua dago, herriaren entitate garrantzitsua da: eragilea, aktiboa, anitza, parekidetasunaren aldekoa, solidarioa, kritikoa...  eta Orioren bihotzean kokatua. Hartu eta eman. Herriak Ikastolari. Ikastolak herriari. Herriak sortu zuen Ikastola eta herriaren onurarako egiten du lan Ikastolak. 

Horretarako, aurten, Orioren historiara egin da jauzi, Orio zer izan den eta zer den bistaratuta. Orion arrantzaleek, saregileek, bale-arrantzaleek, parrilak berebiziko indarra izan dute eta beraiek bilakatu dira aurtengo kanpainako protagonista Orioko Herri Ikastolako ikasleekin batera, Ikastolaren motor eta bihotza. Ikastola ere sare, arrantza, itsaso eta txinparta delako. 

“Sarea da Ikastola. Ezagutzaren eta jakinminaren portuan elkar josten gaituen sarea. Arrantza da Ikastola. Bizitzaren itsasoan, esperientziaren txaluparekin egunero egiten dugun arrantza. Itsasoa da Ikastola. Oriotik mundura eta mundutik Oriora bidaiatzen duena. Txinparta da Ikastola. Gelako berotasuna, lagunen sua eta etorkizunaren txinparta bizi-bizi dituen parrila. Hau eta gehiago da Ikastola. Guztiok gara Ikastola. Orio gara, bazatoz?”.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileak, jangelako begiraleak, garbitzaileak, idazkaritzako kideak edota atezaina. Horiek guztiak Orioko Herri Ikastolako ikasleen bidelagun bilakatzen dira eta ikasleekin etengabeko hartu emanean aritzen dira, etorkizunari modu onenean aurre egingo dioten pertsonak hazteko bidean. 

“Ikastola familia handi bat da. Elkarrengandik urre gaude. Gertu. Ikasleak, irakasleak, gainerako langileak zein gurasoak familia giroan. Horrela, Ikastolan egiten duten ibilbidean, beharrezko ezagutzak eta konpetentziak bereganatzen laguntzen diegu Ikastola osatzen dugun familia guztiak, XXI. mendeko mundu globalean moldatzeko gai diren pertsonak haziz eta heziz”, nabarmendu dute Ikastolatik. 

“Oinak Orion, baina begirada munduan. Garenetik mundua gelara ekarriz eta geletatik ikasleak mundura ateraz. Orio eraikitzen jarraitzeko gogo biziz gaude. Orioko Ikastolak ateak zabaltzen dizkio mundu zabalari. Guztiak besoak zabalik hartuko ditugu”, gehitu dute.

 

Ate irekiak Orioko Herri Ikastolan