Aurten sexu jazarpena edota sexuan oinarritutako protokoloaren dokumentua osatu da ikastolan. Dokumentu hori erabiltzeko egoeraren bat emango balitz, hori ongi egiteko formazioa jaso genuen aurreko astean parekidetasun taldeko, langile-komiteko, zuzendaritzako eta artezkaritzako kide batzuk.
Formazio hori Edurne Lopez Rubia, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Unibertsitateko irakasleak eman zigun. Bere irakaskuntza- eta ikerketa-lana, batez ere, laneko arriskuen prebentzioan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta bi arloen arteko harremanean oinarritu da.
Formazioa interesgarri eta beharrezkoa izan zela aipatu zuten bertaratu zirenek, eta Iker Elola artezkaritzako kidea elkarrizketatu dugu berak jaso zuena gurekin partekatzeko.
- Duela 3 urte ikastolak berdintasun plana egin zuen, eta ondoren han ateratako emaitzekin berdintasun plan bat abiatu du. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Guztiz beharrezkoa den zerbait da berdintasun plana, legeak hala eskatzeaz aparte, hezkuntza munduan ari garenez, helburu nagusietako bat behar duelako izan berdintasunak. Artezkaritzan eta mahai bitarikoan, sarritan aipatu izan dugu berdintasuna, arazoa baitugu hainbat esparrutan.
Soinketako irakasle gehienak adibidez, gizonezkoak dira. HHkoak, berriz, ia denak emakumezkoak. Honek eredu arazoak sortzen dizkigu. Kirola maskulinitatetik eta zaintza feminizaziotik atera behar ditugu, eta beste gai askorekin berdin gertatzen zaigu. Estereotipoetatik ateratzen diren ereduak sortu behar ditugu. Hortik hasita, soldata arrakala, lanpostu baterako aukera berdintasuna eta beste hainbati heldu beharko genioke.
- Ikastolak, 50 langile baino gehiago dituenez, sexu jazarpen egoeraren bat egon baliteke hori aztertzeko protokolo bat behar duela jasotzen du legeak. Nola ikusten duzu hau?
Sarritan, tabu moduan izkutatzen den gaia da hau, eta askotan normaldu edo garrantzia kendu nahi izaten zaiona. Jazarpen sexuala jasotzen dutenen %90a emakumeak dira eta gure ikastolako langileen gehiengoa emakumezkoa denez, guztiz beharrezkoa dugu. Txiste matxistak izan litezke argien ikus litezkeenak. Ez zaie garrantziarik ematen, baina min egitera iristen dira askotan. Badira gehiago ordea, emakume izateagatik bakarrik norbaiten iritzia kontutan ez hartzea, ukipen eta laztan desegokiak, begirada iraingarriak, txantajeak, mezu lizunak, etabar. "Hau hemen, Euskal Herrian, ez da gertatzen!" entzun ohi dugu zenbaitetan. Ba bai, horrelako kontuak hemen ere izaten dira eta ez gutxi, gainera. Ezin dugu ezikusiarena egin, erraietatik moztu beharreko orban bat da hau gure gizartean.
Langilegoarentzat badugu protokoloa, ikasleentzat KIVA, ondo ari gara. Ikastaroko irakasleak aipatu ziguna da garrantzitsua ordea, "protokolo hori erabiltzea". Alperrik da protokolorik onena izatea, inoiz erabiltzen ez bada. Denon lana da ikusten duguna salatzea, nahiz eta ez izan gu, jazartuak garenak. Beste norbait jazartua dela ikusten badugu, salatu egin behar dugu.
- Horrelako egoerak kudeatu ahal izateko formazio bat jaso zenuten aurreko astean. Emango al zenizkiguke formazio horretan jasotakoaren inguruan bi titular?
Lan arriskuez jardun zuenean aipatu zuena garrantzitsua iruditzen zait. Orokorrean feminizatuak diren lanbideetan dauden arrisku gehienak psikosozialak direla esan zigun (horien artean sexu jazarpena). Arrisku horiek erantzuten zailenak izaten omen dira eta lan baldintza eta harreman antolaketekin lotura zuzena omen dute. Zenbat eta aukera berdintasun gehiago egon lantegian, arrisku psikosozial gutxiago egongo da. Depresioa, estresa, beldurra, tristura, amorrua, etabar dira ondorio ohikoenak. Zaindu beharreko egoera eta ondorioak direla iruditzen zait, batez ere hezitzaileak daudenean egoera horretan.
Sexu jazarpena edota sexuan oinarritutako jazarpena ematen denean pertsona baten oinarrizko eskubideak urratzen direla aipatu zigun, besteak beste: duintasuna, osotasun fisiko eta morala, intimitatea, lan egiteko eskubidea... Gure haurren zaintzale, hezitzaile eta gainerakoak lasai, eroso eta gustura egotea ezinbestekoa da, haurrak gustura egoteko. Hezitzailea jazartua bada adibidez, pentsatu haren egoera psikologikoa zein iluna izango den. Nahikoa lan izango du bere buruarekin, eta zer eskaini ahalko dio bere ikasleei?
- Ba al dago formazioaren inguruan arreta deitu dizun ideia edota daturik?
Jazarpentzat hartu litezkeen egoera guztietatik, zergatik salatzen diren horren gutxi. Jazartua edo biktima babestua sentitu beharrean, are eta erasotuago, markatuago eta mehatxatuago sentitzen delako. Ondorioen beldur izaten da, errepresaliak jasotzeko beldur.
Azkar esku hartu behar dela, ez biktimaren sufrikarioa lehenbailehen moztearren bakarrik, denborarekin gertakarien zehaztasuna ahaztu egiten direlako ere. Eta, probak biltzean, datu kontrajarriak ematen badira, agur.
Berdintasun plana eta protokoloaz aparte, beste zenbait dokumentu kontutan hartu behar ditugula. Langileen hitzarmenean azaltzen dena adibidez, izan liteke beste bi dokumentuetan azaltzen denaren desberdin edo kontrajarria, eta honek biktima babes gabe utzi dezake.
- Bukatzeko, zein uste duzu direla horrelako egoerak ekiditeko gakoak?
Heziketa da noski lehenbizikoa. Oso erraza da hau esatea, egitea da zaila. Genero estereotipoekin amaitu behar dugu, baita hizkera sexistarekin ere.
Barne araudi bat sortu, neurri prebentiboak ezarriko dituena eta jazartzailearentzat ondorio gogorrak.
Langilegoari gai hauetaz lasai hitz egiteko eremu bat eskaini.
