Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Gure ikasleak Galesko irratian

2022/03/29

Inauteri egunean, BBC Radio Cymru / BBC Gales Irratiko Ifor ap Glyn kazetaria Orioko Herri Ikastolara etorri zitzaigun bisitan.

Inauteri egunean, BBC Radio Cymru / BBC Gales Irratiko Ifor ap Glyn kazetaria Orioko Herri Ikastolara etorri zitzaigun bisitan. Europako herrialde desberdinak bisitatuz, eleaniztasunari buruzko serie bat egiten ari zen eta, tartean, Euskal Herria bisitatu zuen.

Belgikatik zuzenean heldu zen Oriora eta, egun berezia izanik, kaleetan Kaldereroak topatu zituen eta gure ikasleak mozorrotatuta. Egun umoretsua izan zen eta bera ere animatu zen mexikar txapela janztera. Baina inauteriak ospatzeaz gain, bere irratsaiorako elkarrizketak ere egin zituen: DBH 3Bko ikasle batzuk eta haien euskara irakaslea. Euskal Herrian egindako geldialdian, Orioko herri ikastolako kideak ez ezik, Berria egunkariko Martxelo Otamendi eta Kontseiluko Paul Bilbao ere elkarrizketatu zituen.

Euskal Herriko esperientzia soziolinguistikoak jasota eta Ikastolan pasatako egun ederra gogoan itzuli zen Galesera. Jakinarazi digunez, esker bereziak eman nahi dizkie bere irratsaioan parte hartu zuten ikasleei, txokolate beroa eskaini zioten DBH 4ko ikasleei, tortilla pintxoa eman zioten irakasleei eta, orokorrean, ikastola komunitate osoari egin zitzaion harreragatik.

Hona irratsaio osoaren esteka. (Parte-hartzaileen ahotsa hasieran euskaraz entzuten da eta gutxira ahots bat galesez gainetik.)

 

Galesko kazetaria Orioko Herri Ikastolan