Euripean kantari
ibiltzen ikasi;
ez egon atertu zain
(e)ta korrika hasi
Abestiak dion bezala, Amurrion, euripean hasi du bere ibilbidea aurtengo Korrikak. Atzo hasi eta apirilaren 10 arte Euskal Herriko txoko ezberdinetatik igaroko da Donostian bukatuko den Korrikako 22. edizioa. Gure herritik apirilaren 8an pasatuko da goizeko 5ak inguruan eta gu hantxe izango gara euskararen alde gure pausorik onenak emateko prest.
Hala ere, ikastolan badira egun batzuk Korrikaren inguruan beroketak egiten hasi ginela. Abestiarekin ederki gabiltza dantzan eta abesten, Korrika txikirako petoak ere margotu ditugu eta Euskal Herriko mapa ere jarri dugu egunero Korrika zein herrietatik pasatuko den ikusteko.
Euskara da gure hizkuntza eta egunero eman behar diogu bultzada euskarari dakigunok hitz egiten eta ez dakitenak gure hizkuntza eta kulturako partaide izan daitezen gonbidatuz.
Hitzekin, hitzekin, hitzekin …. Egin dezagun korrika elkarrekin!