Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Liburuaren Nazioarteko eguna

2022/04/29

Apirilaren 23a liburuaren nazioarteko eguna da. Aurten oporretan harrapatu bagaitu ere, ikastolan urte guztian zehar irakurzaletasuna sustatzen saiatzen gara, liburuek sortzen duten mundu magikoa haurren aurpegietan ikustea ederra baita.

HHkoak egunero izaten dute ipuinen munduan sartu eta gozatzeko aukera. Ipuina hasteko errituala egin ondoren hantxe egoten dira begiak zabalik eta belarriak erne dituztela adi-adi fantasian murgildurik. Beraiek ere irakurtzen dituzte ipuintxoak eta elkarri kontatu ere bai, horretarako prestatuta dagoen ipuin txokoan lasai-lasai.

LHko lehen zikloan, Ipuinaren ordua izenez ezagutzen den momentua ordutegian finkatuta dute. Izurriteak iraun bitartean, gela bakoitzari ipuin bana irakurtzen zien irakasleak baina orain, berriz ere, lehengora bueltatzeko aukera dute. Astero hainbat ipuin izaten dituzte erakusgai eta ikasle bakoitzak gustuko duen ipuin hori kontatuko den gelara joateko aukera izaten du. Horrela, beste gelako zein mailakoekin nahastuaz.

Giro goxoa sortzen da ikasle zein irakasleentzat, elkarrekin lasai egoteko aukera paregabea baita Ipuinaren ordua.

Honez gain, LH1ekoek, ipuin trukaketa egiten dute astero. Ikasle bakoitzak etxetik ekarritako liburu bat du gelan eta horrela, herriko liburutegian egin ohi den bezala, astebetez etxera eramaten dute, familiarekin, ipuinak irakurriz momentu goxo bat izateko asmoz.


 

Liburuak erakusgai Orioko Herri Ikastolan