Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Lehen ikasle zirenak orain hezitzaile izateko bidean

2022/05/04

Pozgarria da ikastolatik pasatakoak urte batzuk igaro ondoren bueltan ikustea, bai bisitatxoak egiten edo baita beraien ikasketak aurrera eramateko praktikak egiten ere. Ikasitako teoriak praktikan jartzera eta gurekin ikastera etortzen dira praktikariak eta guk esku zabalik hartzen dugu beraiek ekartzen duten aire freskoa. Gainera, ikasle-ohiak badira are eta hunkigarriagoa izaten da beraiekin gure funtzionamendua partekatzea, beraiek ere ikastolaren parte baitira eta garai zaharrak oroituz aurrera egiteko ilusioa ekartzen baitute.

Oraingo honetan, ikasle-ohiak izan diren lau praktikari ditugu denbora luzez gure artean Itxaso Uranga, Ruth Saez, Maddi Echeverria eta Andrea Agudo. Itxaso HH2ko txikitxoekin dabil, Ruth LH1era salto egin dutenekin, Maddi berriz LH6koekin eta Andrea berriz, HH4koekin. Lauekin elkartu gara galderatxo batzuk egiteko eta gustura erantzun dituzte garai zaharrak oroituz eta oraingoarekin alderatuz.

 

-Ze oroitzapen dituzue ikastolarekiko?

RUTH: Nik oroitzapen oso onak ditut bai Haur Hezkuntzarekiko, bai Lehen Hezkuntzarekiko eta baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekiko ere. Denok batera jolasean ibiltzen ginen eta momentu onak etortzen zaizkit gogora.

ITXASO: Ruth eta ni belaunaldi berdinekoak gara eta hasieran denok batera ibiltzen ginela oroitzen dut, belaunaldi guztia elkarrekin jolasten ginela, gerora DBHn taldeetan gehiago banatu ginen, bi geletan banatuta baikinen. Oraingo haur hauek poz pozik ikusten diren bezala ibiltzen ginen gu ere poz pozik.

MADDI: Nik ere oso oroitzapen onak ditut ikastolarekiko, txikitan gogoratzen dut nola denak batera ibiltzen ginen, bai ikastolan eta baita kalean ere. Irakasleekiko ere oroitzapen ona dut, gustura etortzen nintzen ikastolara.

ANDREA: Oso ahaztuta nagoen arren, orokorrean oroitzapen oso onak ditut ikastolako ibibidearekiko.

-Orain, urtek batzuk pasa ondoren berriz itzuli zarete ikastolara eta gainera rol ezberdin batean. Zer iruditu zaizue gaur egungo ORIOKO HERRI IKASTOLA?

ITXASO: Hasieran ikastolara sartutakoan ezagutu ere ez nuen egin, den dena oso aldatuta dago eta hobekuntza izugarria iruditu zait. Hobekuntza hauek gainera haurrengan mesede izugarria egin dute.

RUTH: Bai, aldaketa izugarria eman du ikastolak, hobekuntzak bai arkitektura aldetik eta baita metodologia aldetik ere eman dira. Metodologia ere gu ikasle izan ginen garaitik guztiz aldatu da eta gaur egun ikaslea ardatz hartuta dena hobetu dela esango nuke.

MADDI: Aurreko garaiekin ez dauka zerikusirik, ni Eskoriatzan ikasten ari naizenarekin bat dator ikastolako metodologia. Espazioak ere zeharo aldatu dira eta ikasleak askeago ikusten dira orain.

ANDREA: Oso aldatuta ikusi dut ikastola, lehengoaren antzik ez du eta gaur egun, haurrek aukera zabalagoa dute zer egin nahi duten erabakitzeko.

-Lehen irakasle zenituztenekin zabiltzate orain praktikak egiten, zer moduz sentitzen zarete?

RUTH: Oso gustura nago, oroitzapen onak segituan etortzen dira eta denekin harreman ona dut. Beraiei ere aldaketa nabaritzen diet, lehen zuten lan egiteko moduarekin edo orain metodologia aldatuta duten moduarekin.

ITXASO: Bai, ni ere oso gustura nago, eduki ditugun erreferenteekin ikastea oso onuragarria iruditzen zait guretzat eta lasaitasun asko trasmititzen digute geure modura jarduteko.

MADDI: Arraro xamarra egiten den arren, oso lasai sentitzen naiz beraien alboan, konfidantza handia trasmititzen didate eta beti laguntzeko prest agertzen dira.

ANDREA: Txikitan nirekin ibili ziren irakasleak ikusi ditut inguruan eta lasai eta seguru sentitu naiz beraien alboan.

Praktikariak