DBHko irakasleen kezketako bat da ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzen asmatzea. Ez da lan erraza, baina Galtzagorri Elkarteak eman dizkigu zenbait pista!
Ikasturte berria, helburu berriak. Gogotsu itzuli da Orioko Herri Ikastolako irakasle-taldea lanera. Gogotsu ikasleekin egoteko, gogotsu irakasteko eta gogotsu ikasteko.
Aste honetan bertan, DBHko eraikinean dagoen liburutegi oparoari etekin handiagoa ateratzeko asmoz, bost irakaslek formakuntza jaso dute Galtzagorri elkartearen eskutik.
Intza Alkain izan da formatzailea eta besteak beste argi geratu da irakurzaletasuna ezin dela behartu eta obligatutako lanen bitartez sustatu. Irakurzaletasuna KUTSATU egiten da eta, horretarako denbora eskaini behar zaio (gelan ahots gora irakurriz, saioa hasi aurretik 10 minutu eskainiz...), lekua eskaini behar zaio (geletan liburu gehiago edukiz, adibidez), irudimena eta sormena landu behar dira, eta familiak ere aintzat hartu behar dira (liburu gomendioak eginez, esaterako). Bestalde, Intza Alkainek literatur-tertuliek ikasleekin sortu eta lantzeko zenbait aholku ere eman zizkigun. Ikastaro interesgarria izan zen eta guztiok atera ginen irakurzaletasuna sustatzeko gure aletxoa jartzeko gogoz.