Lehen hiruhilekoa hasi berri den honetan DBH 4ko ikasleak Iruñera joan dira. Teknologiako ikasleak Volkswagen enpresan izan dira eta ekonomiakoek, berriz, Iruñeko Merkataritza Elkarteak martxan jarri duen "Alde Zaharreko Txanponak" ekimena ezagutzeko aukera izan dute.
Nafarroako Volkswagen enpresak teknologiako ikasleei fabrikaren funtzionamendua erakusteko bisita gidatuak eskaintzen ditu eta bertan, enpresaren historia ezagutu eta prensa, txapa eta muntaketa eremuak bisitatzeko aukera izan dute. Teknologia arloko lan mundua ezagutzeko aukera bikaina izan da beraientzat!
Iruñeko Alde Zaharraren egitura, Erdi-aroko gremio sistemaren erakusleiho da. Gainera, Batasunaren Pribilegioaren 599. urteurrena dela eta, antzinako komertziante eta gremioen oinordekoek, Alde Zaharreko Txanponak ekimena martxan jarri dute. Hori dela eta, Alde Zaharreko denda eta azoketan itxura zaharra duten txanponak eskura daitezke eta horiek deskontuak egiteko balio dute. Ikasleek alde zaharraren egituraren nondik norakoak ezagutu eta bertako azoka eta dendetako merkatari eta erosleekin hitz egiteko aukera izan dute. Izugarri ondo pasa dute denak!