Autobusetik jaitsi orduko liburuz inguratuta egon ziren gure DBH 1 eta 2ko ikasleak. Sarako Ikusi Mikusi azokan izan ginen eta bertako kaleetako txoko guztietan eta gure ibilbide guztian zehar liburuek ireki ziguten bidea. Euskarazko haur eta gazteen literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi eta bigarren edizio honetan Gure Xaharrak izan da gaia.
Aste hauetan zehar gure ikasleek gai horren inguruan lanean jardun dira eta ipuin, idazlan eta elkarrizketak prestatu dituzte. Gero, Sarako gune ezberdinetan erakusgai egon dira egindako lan hauen aurkezpenak.
Eskolen egunean izan ginen gu eta jolas, sormen-tailerrak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izan genuen. Ikastolako DBH1eko eta Piarres Larzabal kolegioko ikasleek Yolanda Arrietari izugarrizko elkarrizketa egin zioten eta Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin eta Patxi Zubizarreta idazlearekin ipuin bat asmatzeko aukera izan zuten. DBH2koek, berriz, Gure Xaharrak antzezlana ikusi zuten.
Liburu-azokaz bete-betean gozatzeko, bonu-sistemari esker ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izan zuen. Pozez zoratzen etorri ziren ikasleak liburu bana eskuartean zutela!