Ikastolen Elkarteak eta Elhuyar Fundazioak sinatutako hitzarmen bati esker, aurrerantzean automatikoki itzuliko dira gure webguneko eduki berriak.
Iazko ikasturtean berritu zuen webgunea Orioko Herri Ikastolak. Bertako eduki estatikoa hasieratik dago elebitan, baina astero-astero sortzen diren albisteak euskaraz soilik argitaratzen dira.
Elhuyar Fundazioak 2019an sortu zuen Elia itzultzaile automatikoa, bere aldetik, aurrerapauso handia izan zen edukiak euskaratik edo euskarara itzultzeko. Egiten dituen itzulpenen kalitatea ona delako alde batetik, eta beharra ere halakoa delako bestetik, oso erabilia da. Datuek hitz egiten dute: 2022ko hasierarako Eliak 30 milioitik gora itzulpen-eskaera bideratuta zituen, eta eskaera horiei erantzuteko 715 milioi hitz eta 5.393 dokumentu itzuli behar izan zituen.
Orioko Herri Ikastolako webguneko edukiak itzultzeko ere Elia baliagarria izan zitekeela-ta, Ikastolen Elkarteak eta Elhuyar Fundazioak hitzarmena sinatu berri dute. Ikasturte honetan, Orioko Herri Ikastola ikastola pilotua izango da eta webgunean sortzen ditugun albisteak automatikoki itzuliak izango dira Elhuyarrek garatu duen itzulpen automatikorako aplikazioari esker.
Hitzarmenak gure zerbitzuak hobetzeko ez ezik, euskarak Interneten duen presentzia handitzeko ere balioko du. Izan ere, eredu honetan oinarrituta, baliteke aurrerantzean ere beste Ikastola edo elkarte batzuk ere euskaraz soilik argitaratzeko hautua egitea, jakinda euskaraz ez dakienak itzulpen automatikoa erabiltzeko aukera izango duela.