Azaroko azken eguna sortzaileen eguna izan da Orioko Herri Ikastolako DBH eraikinean; Jurgi Ekiza musikaria eta Fernando Morillo idazleak DBH4 eta DBH2ko ikasleekin egon dira, hurrenez hurren.
Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko gitarrista eta abeslaria da, besteak beste. Eta bide batez esan, Willis Drummondek Orioko San Nikolas jaietan kontzertua eskainiko duela Ithakarekin batera, astearte iluntzean.
Jurgiren hitzaldi/emanaldiak bi parte izan ditu. Alde batetik, musikari bezala egiten ari den ibilbidea eta bere hiru lan proiektu nagusiak aurkeztu dizkie ikasleei: Willis Drummond taldea, EraBatera taldea eta Ekiza izenpean bakarka egiten ari den ibilbidea. Taldean zein bakarka nola sortzen duen azaldu die ikasleei, nondik abiatzen diren eta sormen-prozesuak zeinen desberdinak izan daitezkeen egoeraren arabera. Estilo desberdinak lantzea aberasgarria eta interesgarria ere badela esan du. Batzuetan barruak askatzeko eta hustutzeko sortzen da, baina beste batzuetan enkarguz sortzen da, muga batzuen baitan, eta hori ere oso interesgarria zaio. Jacques Brel abeslari eta zinegile frantsesaren mezu bat utzi du ikasleen artean “hobe da sortu eta huts egin, ez sortu eta frustrazioarekin gelditzea baino.”
Kultura eskola programaren baitan Fernando Morillo idazlea DBH2 mailara etorri da. Sei orduz jardun du, DBH2ko hiru geletan, bina orduko saioetan. Fernandok oso saio biziak eskaini dizkie, jolas bidez, jendaurrean hitz egiteko teknikak, gorputza aktibatzeko ariketak eta arreta mantentzeko edo norbera lasaitzeko teknikak landu ditu. Hasteko, ikasleak thriller eleberri batean sartu ditu lehenik pertsonaiak eta kontakizuna azalduz. Ondoren, thrillera ebazteko hainbat pistak eman dizkie, eta guztien artean ebaztea lortu dute.