Orioko Herri Ikastolan igeriketa saioek plangintza zehatza dute eta, plangintza hori jarraituz, aurreko astean soinketako saioetan igeriketa egiten hasi ziren LH6ko ikasleak. Hiru astetan izango dituzte saio horiek eta irakasleak berak ematen ditu. Saioen helburua igeriketa teknika ezberdinak barneratzen joatea da.
Ikasturte honetan LH4, DBH3 eta DBH4koek ere izango dute igeriketa gorputz hezkuntzako ikasgaian. Aurreko urteetan DBH2koek izaten zituzten saio horiek eta DBH3koek ez. Pandemiaren eraginez DBH3an zeudenek igeriketa saio gutxi izan zituztela eta, teknika indartzearen alde, aurten hauei eskaintzea erabaki dute gorputz hezkuntzako mintegikideek.
Lehen ziklokoek udaberrian izaten dituzte igeriketa-saioak. Ikasle horiek foru aldundiko sustapen jarduera bezala izaten dute eta begirale espezifikoak izaten dituzte. Lehen zikloko helburua uretan segurtasuna hartzea, ur gainean egoten jakitea eta uretan lasai egotea dira.
Ikasleei asko gustatzen zaien jarduera da igeriketarena eta oso pozik daude gorputz hezkuntzako saioetan aukera hori izateagatik.