Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Etxekoak ikastolan

2023/01/17

Ikastolako ateak beti daude zabalik eta gustura hartzen dituzte gure txikiek beraien etxekoen bisitatxoak. Gainera, zeinen harro sentitzen diren haurrak beraien etxekoekin ikastolan ekintza bat egiten dutenean. Gaurkoan Oiana Blanco eta Santi Otamendiren bisita jaso dute gure txikiek.

Oiana Blanco, HH3ko Izarren amatxo da eta Izarrekin batera sagu kaskarinaren ipuina kontatzera etorri da bere lagunei. Ederki kontatu dute bien artean, eta gainera pertsonaiak sukaldeko egurrezko goilaretan  marraztuta ekarri dituzte. Beraiek kontatu ondoren, beste laguntxo batzuk ere ausartu dira ipuintxoa antzeztera.

Santi Otamendi berriz, HH4ko Liamen aitona da eta berak angulekin lan egiten duenez, angulen bizitzaren inguruko kontutxoak kontatzera etorri da. Angulak bizi bizirik ere ekarri ditu eta azkenik Orioko errioan aingiratxo batzuk askatu dituzte.

Ze gustura egoten garen ingurukoekin solasean eta etxekoengandik ikasten! Aurrerantzean ere, dakizuen bezala, ikastolako ateak irekita daude eta beso zabalik hartuko zaituztegu denok. Eskerrik asko familiak!

Etxekoak ikastolan. Orioko Herri Ikastola