Orioko Herri Ikastolako ikasleek historiako emakume garrantzitsuenei buruzko biografiak idatzi eta Txikipedian argitaratuko dituzte.
Nik, zuk, guk… 350 bai? egitasmoarekin, Ikastolen Elkarteak bere alea jarri nahi du euskarak eremu digitalean presentzia irabazteko. Aurreko urteetako lanarekin jarraituz, aurten, 17 Ikastoleko ikaslek historiako emakume garrantzitsuenei buruzko biografiak idatzi eta Txikipegian argitaratuko dituzte.
Egitasmoa Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak garatu dute. Ekimen honen bitartez, euskara sarean indartzeaz gain, ikasleek hainbat konpetentzia eta balore ere garatzen dituzte: euskarazko idatzizko konpetentzia, konpetentzia digitala eta, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, besteak beste.
Lau orduko formakuntza
Artikuluak idatzi aurretik, Orioko Herri Ikastolako ikasleek bi orduko formakuntza jaso dute, Ikastolen Elkarteko Igor Elortzaren eskutik. Saio horretan, taldeka Interneten bilaketak eginez gai hauek landu dituzte:
- Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren zenbait zertzelada.
- Wikipedia eta Txikipedia zer diren eta bertan artikuluak zenbat hizkuntzatan dauden. Sarean, orokorrean, eta Txikipegian, zehazki, euskararen presentzia aregotzearen garrantzia eta eragile aktibo bilakatzea.
- Gizon eta emakumeen presentziaren aurrean, sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, dagoen arrakalaz sentsibilizatzea eta arazoa konpontzeko parte hartze aktiboa izatea.
- Gure hizkuntza minorizatuak sarean duen egoeraz kontzientzia hartzea.
Datozen asteetan, ikasleek taldeko beraien artikuluak landu eta, ondoren, Txikipediara igoko dituzte. Hartara, urtez urte, Txikipediako euskarazko bertsioa elikatu eta osatzen joango gara.