Ikastolako komunitate desberdinen beharrak eta nahiak entzuteko bilera egin zen joan den astean.
Orioko Herri Ikastolako komunitate desberdinetako kideen bizipenak entzun eta beharrak ezagutzeko asmoz, bilera bat egin zen pasa den ostegunean. Hainbat guraso elkartu ziren bertan eta bakoitzak beretik hitz egin zuen arren, guztiak bat etorri ziren Ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuak onak direla esaterakoan. Hala ere, askotariko iritzi eta ideiak jaso ziren eta komunitate desberdinen beharrei erantzuteko hobekuntzak ere jarri ziren mahai gainean. Hizkuntzari dagokionez, nabaritzen dute ikastolako berriak beraiengana heltzeko ikastolak egiten duen ahalegina, besteak beste, ohar buletina bi hizkuntzetan helarazita. Halaber, ia guraso guztiek aipatu zuten euskara ikasteko ahalegina egin izan dutela eta jabetzen direla Orioko hizkuntza euskara dela.
Lehen hartu-eman horren ondoren, gai zehatzagoak lantzeko bigarren saio bat egingo da otsailaren 9an, 17:00etan.
Bidea ireki eta komunitateen arteko elkar-ezagutza indartzeko lehen pausoak eman dira.