Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Talde motorrak etapen arteko koherentziari buruzko gogoeta egin du, eta irakasleek ebaluazio hezigarrian formakuntza jaso dute

2023/02/03

Orioko Herri Ikastolako talde motorrak eraldaketa pedagogikoaren aurrean hausnartu eta helburuak zehazteko beta izan du asteburu honetan. 

Joan den larunbatean, Orioko Herri Ikastolako eraldaketa pedagogikoa bultzatzen duen talde motorreko kideek saio berezia egin zuten. 2022-2023 ikasturte honetan, LH 5. mailan jarri da martxan eraldaketa pedagogikoa eta datozen ikasturteetan, poliki-poliki, gainerako mailetara zabalduko da. Berrikuntzaren markoan, etapen arteko koherentzia aztertzea eta bermatzea izan zen larunbateko saioaren helburuetako bat, baita etorkizuneko erronkei buruz gogoeta egitea ere.

Eraldaketa pedagogiko honetan irakasleok bereziki landu beharreko gaietako bat da ebaluazioarena. Hori dela eta, ikasketa prozesuan ikasleari lagunduko dion ebaluazioari buruz sakondu nahian, LHko eta DBHko bost irakaslek formakuntza jaso dute, Arizmendi Ikastolan.

Ikastaroak astebete iraun du. Bertan partekatu ahal izan dituzte ebaluazioaren inguruko praktikak eta kezkak, 7 KP ikastoletako beste 40 irakaslerekin batera.

Ikusten denez, Orioko Herri Ikastola pauso sendoak ematen ari da urtez urte eraldaketa pedagogikoa txertatuz, hezkuntza gizartearen behar berrietara egokitzeko eta ikaste-irakaste prozesuan ikasleentzat bidelagun hobea izateko. 

 

Orioko Herri Ikastolako talde motorra