Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Emakumearen nazioarteko eguna Ikastolan

2023/03/08

Gure egunerokoan emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna bermatzen saiatzen bagara ere, emakumearen egunaren harira unitate didaktiko ezberdinak landu ditugu Orioko Herri Ikastolan.

HHn, gure inguruko emakumeak

Emakumearen inguruan hitz egin dugu eta bakoitzak bere erreferentziazko emakumeak aipatu ditugu. Haiek zergatik diren garrantzitsuak partekatu dugu eta azkenik berauek irudikatu eta gure bizitzako emakumeen muralean itsatsi ditugu.

LHn

Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan egunari buruzko lanketa egin dute, kolore morearen esanahia, aldarrikapenaren beharra… bigarren mailatik aurrera, lanketa horiez gain, emakume sukaldari eta emakume kirolarien unitate didaktikoak landu dira. Gure etxeko sukaldeetan aldaketa badatorren arren, asko entzuten dira amonaren jaki goxoak eta amaren platerak. Talde txikietan emakume sukaldari ospetsuen biografiak idatzi dituzte ondoren. LH3koak LH2koei aurkeztu dizkiete landutako sukaldariak eta ondoren herriko taberna eta jatetxeetara joan dira biografien kartelak jartzera.

LH4 eta LH5ek, berriz, emakume kirolariak landu ditu. Talde txikitan zein binaka kirol bat aukeratu eta kirol horretan emaitza bikainak lortu dituen emakume kirolari bat aukeratu dute. Hasiera batean emakume kirolari oriotarrak aipatzen zituzten ikasleek, baina errealitatearekin topo egin dute, informazio eskasa baitago sareetan. Ondorioz, Euskal Herriko emakume kirolarietara zabaldu dute. Emakume kirolari hauei ikusgarritasuna emateko kartel batzu sortu dituzte eta kartela hauek ikastolan jarri dira.

DBHn, goiz bat hausnarketarako

DBHn ere, kolore morea nagusi izan da gaur. Ikasgeletan denbora hartu dugu Emakumeen nazioarteko egunaz hitz egiteko eta gaur egungo aldarrikapen feministei buruz hausnartzeko. Alde batetik, martxoaren 8aren historia landu dugu eta, ikus-entzunezkoak baliatuz, gaur egun gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasun eta desberdintasunei buruz hitz egin dugu. Bestalde, emakume erreferenteen bizitzetan eta historian zehar emakumeek borroka bidez eskuratuko lorpenetan oinarritutako pelikula desberdinak ere ikusi ditugu. Azkenik, kolore morea eskutik eskura ibili da ikasle bakoitzak bere aldarrikapen kartela egin baitu Ikastolako paretak apaintzeko. Jolasorduan, ohi denez, elkarretaratze bat egin dugu.

Aipagarria da, halaber, DBH3 eta DBH4ko zenbait ikaslek grebarako deialdiarekin bat egin dutela. Ikastolara etorri diren DBH4ko ikasleek, aldiz, aldarrikapen feministekin bat egiteko, beraien iniziatibaz egoera desberdinak salatzeko bideo bat ekoitzi dute.

 

Emakumeen nazioarteko eguna Orioko Herri ikastolan