Aste honetan ere gogotsu, beraien esterilak hartuz, Orioko Herri Ikastolako 5. mailakoak beraien GPS saioa egiten ari dira. Zer da GPS? galdetuko duzue gehienok, (Garapen pertsonaleko saioak) dira. Bakoitzak barrutik hazteko duen gaitasunaz ari gara.
Gure egunerokotasunean, oztopo bihurtzen diren beldurrak eta zailtasunak gainditzeko urratsak ematea, blokeatzen duena zer den bereizten ikastea, barrutik hazteak besteekiko harremanetan eragiten dituen aldaketez ohartzea, nor bere izatean errotuta bizitzeak pizten duen enpatiarako, elkartasunerako, ekimenerako, sorkuntzarako… grina esperimentatzea da.
Hiru ataletan banatzen den saioa egiten dute astero: Saioaren hasieran, arreta jolasa eta sintonia egiten dute; garapenean, jarduera nagusia burutzen dute eta amaieran bizi eta landutakoaz hausnartu eta hitz egiten dute. Aurtengo ikasturtean jarri da martxan Ikaskuntza Esperientzia Momentu hau.