Orioko Herri Ikastolako DBH4ko ikasleak datorren ikasturtea prestatzen ari dira. Hil honetan, Gela Hezkuntza Azokan izan dira; ondoren, Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko arduradun eta ikasle-ohien bisita izan dute eta atzo goizean, Oteizan izan ziren gelak bisitatu eta eguneroko martxa ikusten. Izan ere, laster irekiko dira batxilergo eta lanbide heziketako aurre-matrikulazioak egiteko epeak.
Aldaketa handia izaten da gure ikasleentzat, baina ikasle-ohien esperientziak entzuteak beti lasaitzen die. Oteizako aurkezpenera ikasle-ohiak etorri ziren, beraien esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek eta era berean, beraien zalantzak argitu zituzten gertu-gertutik. Argi eta garbi adierazi zien Ugaitz Astigarraga ikasle-ohiak: “Prestatuta zaudete eta gai izango zarete etapa berri honi aurre egiteko. Arrakastarako sekretu bakarra dago: egunero lan egitea”.
DBH4ko ikasle batzuekin elkartu gara eta esperientzia hauei buruzko beraien hausnarketa eta iritziak eskatu dizkiegu.
- “Oso ondo etorri zait Oteizara egindako bisita. Ikasgaien aukeraketa egiteko zalantzak nituen, baina bisita hau eta gero, erabakia hartzea errazagoa egingo zait”. (Brittney Coon).
- “Zalantzak nituen, ez nekien zer aukeratu: erdi-mailako ikasketak edo batxilergoa. Erabakia hartu dut, Gizarte Zientzien Batxilegoa egiteko apustua egingo dut”. (Hodei Arostegi).
- "Asko gustatu zait egindako bisita. Ikasgai berriak zein izango diren jakiteak eta tailera nolakoa den ikusteak pozik jarri nau. Beste mundu berri bat ireki zait”. (Aimar Librada).