Instagram, Snapchat, Tik-Tok, stories, reels, live videos, mentions… Erotu egiten gara Ikastolako komunikazio lantaldeko kideak! Hori dela eta, gai honen inguruan argi pixka bat ikusi eta guri laguntzeko, DBH3ko ikasleei deitu diegu!
Orioko Herri Ikastolako komunikazio taldeak irakaskuntza du bere ogibide eta bokazio, eta eguneroko jardunean gozatu egiten dugu irakatsiz. Komunikazio arloan, berriz, nobedade teknologikoek, askotan, jan egiten gaituzte eta egunero-egunero zerbait ikasi behar izaten dugu. Arazo honi konponbidea emateko irakaslerik onenak ekarri ditugu, gure ikasleak. Beraiek baitira, garai hauetako, teknologia berrietan aditu.
Sare Sozialen inguruko ikastarotxo bat eman digute eta edukien transmisiorik onena lortzeko pistak eman dizkigute. Irudi eta bideoak, protagonista diren garai hauetan, sentimendu eta bizipenei protagonismoa nola eman azaldu digute. Era berean, gure ahulguneei aurre egiteko estrategiak azaldu eta gure indarguneei abantailak nola atera irakatsi digute. Asko ikasi dugu!
Modu berean, ikasleek ordainetan, eskakizun pare bat ere egin dizkigute: ikasleen txokoa, komunikazioan parte hartzeko aukera… baina, hori kontatuko dizuegu beste batean. Gure ikasketa prozesu hau hasi besterik ez da egin eta!