Nadeth Agirre Arruti Orioko traineruko patroi ohia da eta baita ere gure ikasle ohia. Ikastolarekin beti izan du harreman estua eta astelehenean, urriak 9, bere kirol ibilbideaz hitz egitera hurbildu zen DBH4ko ikasleengana.
DBH4ko ikasleek aldez aurretik euskarako klaseetan prestatu zituzten galderak egin zizkioten. Nadethek nesken arraunaren ibilbideari buruzko hasierako etapari buruz hitz egin zien eta baita trainerua ateratzearen ideia nola sortu zen ere azaldu zuen.
Horretaz gain, bere kirol ibilbidean zehar izandako gorabeherak aipatu zituen: hasierako urteak, lehen Kontxako bandera irabazi zuten unea, ekipoa sortu eta egitearen garrantzia, bere ustez patroi on batek izan behar dituen ezaugarriak eta arrauna uztearen erabakia hartzearen unea.
Nadeth gaur egun Orioko herrian eta arraun munduan erreferente da eta ikasleek oso positiboki baloratu dute elkarrizketa hau egiteko aukera.