Urriaren 18an, Donostiako Antzoki Zaharrean egin zen ekitaldi berezian parte hartzeko aukera izan zuten Orioko Herri ikastolako ikasleek eta baita hauei laguntzera joan ziren helduek ere.
Aubixa fundazioak antolatu zuen arren, “do-re-ni” elkartearekin eta Kantaita Enea produktorarekin elkarlanean sortu zuten BOST MARRA izeneko topaketa hau. Hain zuzen ere Xabier Lizaso pianojole oriotarra eta Olatz Zugasti musikariaren eskutik iritsi zen gure ikastolara ekitaldi honetan parte hartzeko proposamena. Adin desberdinetako gure ikasleekin batera, Donostiako Axular Lizeoko ikasleek bete zuten Antzoki Zaharreko edukieraren gehiengoa.
Ekitaldiaren hasieran Jose Felix Martí Massó neurologoak azalpen interesgarri bat eman zuen eta bertan, musikak garunaren estimulazioan duen eraginari buruz hitz egin zien bertaratu ziren guztiei. Bestela estimulatuko ez liratekeen burmuieko hainbat zati suspertzeko eta narridura kognitiboa prebenitzeko duen funtzioaz ere aritu zen.
Sarrera horren ondoren, Xabierrek hartu zuen batuta eta oholtza gainean zeuden Donostiako Udalaren Musika Eskolako Helduen Orkestra eta pianojoleak (haien artean zen gure ikasle Ane Blazquez ere) martxan jarri zituen. Ez ziren ordea martxan jarri zituen bakarrak izan.
Ravelen Boleroaren doinuan, Andoni Egaña bertsolariak egindako letraz, bertaratutakoen ahotsak frogan jarri zituen Xabierrek. Abestiak adineko pertsona batek gaztetan egiten zituen gauzak nola oroitzen dituen aipatzen du. Nola jolasten zuen, mendira egindako txangoak, harrapatutako xapaburuak,… Bizitzaren ilunabar garaia iritsi zaion honetan, oraindik, gogoratzen duen ume huraxe dela esaten du abestiaren bukaeran.
Ekitaldiari amaiera polita eman zitzaion, aulkietan zeuden guztiak zutitu, besoak gora jaso eta bizitza zukutzeko oihua eginez.