Ikasturte hasieratik ibili dira Lilimako hezitzaileak Orioko Herri Ikastolako LH4 eta LH6 mailatan sexu hezkuntza lantzen. Aurten, ikasleek formazioa jasotzeaz gain, gurasoek ere jaso dute formazioa.
Aitziber Estonba sexologoak gidatu zuen saioa eta ikasleekin gelan egindakoaz aritu zen LH4 eta LH6ko gurasoekin, txanda banatan. Guraso mordoa gerturatu zen eta motz geratu zitzaien egindako saioa.
Norbere burua ezagutu eta honek gure gorputzean eragiten dituen erreakzioez jabetu eta horiek kudeatzen ikastearen garrantziaz jardun zitzaien LH4ko gurasoei. Guraso bezala lanketa horretan nola lagundu dezakegun ere aipatu zuen. Horrez gain, liburu interesgarriak ere gomendatu zituen.
LH6ko ikasleen gurasoak talde txikitan banatu zituen lehendabizi eta han sortutako galderei erantzuten saiatu zen. Sexualitatearen gaiak etxean besteak bezalako gai bat izan beharko lukeela adierazi zuen eta naturaltasunez hitz egin beharko litzatekeela. Hain pil- pilean dagoen pornografiari buruzko galderak ere izan ziren eta Aitziberrek “gailu” bat ematearen arriskuak azpimarratu zituen, mobil bat edo ordenagailu bat adin txikiko baten eskuetan uzteak dituen arriskuak, edozein informazio iristen zaiela haurrei alegia. Gorputz aniztasunaz, norbera onartzearen garrantziaz, estereotipoak beraiekin analizatzearen garrantziaz, tabuez… aritu zen sakon.