Aste honetan Llunaren aita eta Ariane eta Laidaren osaba Guillem izan dugu ikastolan, bere jaioterriko Gabonetako ohiturak gurekin partekatzen. Tió de Nadal (caga tió moduan ezagunagoa), edo Gabonetako enborraren inguruko ohiturak kontatu dizkigu. Nola abenduaren hasiera aldera etxean agertzen den enborra dela buruan barretina eta guzti, azaltzen denetik Gabon gauera arte jaten eman behar zaiola, eta Gabon gauean kaka egin dezan makil batekin jotzen zaiola. Baina kaka egin beharrean gozokiak ematen ditu! Piska bat animatze aldera, kantatu egin behar zaio eta kanta hori ikasi dugu badaezpada ere, Olentzerok kale eginez gero prest egon beharra dago eta...
Honela dio kantak:
CAGA TIÓ
AVELLANES I TORRÓ
SI NO VOLS CAGAR
ETA DONARÉ UN COP DE BASTÓ
PAM, PAM I PAM!
Benetan interesgarria iruditzen zaigu etxekoak ikastolan izatea; familia bakoitzeko errealitatea eta ohiturak gelara ekartzen baditugu, aniztasunaren aldeko jarrera erakusten dugu, gure kultura eta beste tokietakoak tokia badutela gure herrian, eta mezu hori norkbere nortasunetik egindakoa bada, ikasleengana modu eraginkorrean iristea lortuko dugu.
Euskalduna. Eleaniztuna. Hizkuntzek balio identitarioa eta soziala dutela eta mundu-ikuskera bat jasotzen eta zabaltzen dutela onartzen duena. Horrela dugu jasota Ikastolako Pertsona Ereduan eta lan horretan dihardugu Orio eta oriotarrak euskaldunak, eleaniztunak, enpatikoak, askeak eta solidarioak izan daitezen besteak beste. Bertako kultura sakon ezagututa, inguruko kulturei euren tokia eman eta elkarbizitzan haziko diren oriotarrak nahi ditugulako.