Aurreko ikasturtean Orioko Herri Ikastolak Erasmus+ akreditazioa lortu zuen eta honi esker, datozen 4 ikasturtetan zehar egingo ditugun mugikortasunak finantziatuta ditugu.
Europa mailako programa honen xede nagusia, hezkuntzaren eta ikaskuntzaren kalitatea hobetzea da eta mugikortasunak, hau lortzeko bitartekoak dira. Gurera ekarriz, ikastolaren pedagogia hobetzea da gure helburu nagusia eta horretarako, hainbat eta hainbat mugikortasun gauzatuko ditugu Europako herrialde desberdinekin elkarlanean arituz.
Akreditazioa eskuratzeko, proiektu bat entregatu behar izan dugu eta bertan, ikastolan identifikatu ditugun hainbat beharretatik abiatuz, hurrengo 4 ikasturtetan lortu nahi ditugun helburuak definitu ditugu. Hona hemen proiektuan markatu ditugunak:
- Banakako programazioak diseinatzea, ikasle migratzaileei edo premia bereziak dituztenei arreta pertsonalizatuagoa eta integratzaileagoa eskaintzeko.
- Lagunarteko hizkuntza errespetuz erabiltzeko estrategiak ezartzea, ikasleen artean adierazpen arrazista, sexista eta baztertzaileak gutxiago erabil daitezen.
- Ikastetxeko irakasleak trebatzea baso-eskoletako metodologian (“Skov-Skole”).
- Ikerketa txikiak diseinatzea, ikasleak kontsumismoaren ondorioez kontzientziatzeko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa indartzeko.
- Eztabaida-dinamikak hobetzeko espazioak eta estrategiak eskaintzea, eta ikasleek ikastetxearen erabakietan aktiboki parte har dezaten lortzea.
- Irakasgai guztietako irakasleak hizkuntzen tratamendu integralean prestatzea eta langileen eta ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.
Helburu hauen lorpenean laguntzeko, ikastolako langileok nahiz ikasleek Europako hainbat herrialdetara joateko aukera izango dugu. Langileok ikastaroak eta ikastetxe ezberdinetan behaketak egin ditzakegu eta ikasleek, iraupen luze edo laburreko egonaldiak edota proiektu birtualak burutu ditzakete.
Ikasturte honetako mugikortasunak antolatzen hasiak gara eta desiatzen gaude aurrera eramateko. Erne ibili, laster hasiko gara eta hauen berri ematen!