Webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dugu. Horren harira, pasa den astean Euskadi Irratiako Faktoria Magazinean zuzenean elkarrizketatu zuten Amaia Ugalde zuzendaria. Elkarrizketa entzun nahi duzuenok lotura honetan duzue horretarako aukera.
Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta,eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea lortu dugu.
Izan ere, euskaraz idatziriko webgunea da Orioko Herri Ikastolarena, baina webgunearen goiko aldeko barra batean kokatuta dagoen Elia itzultzaile automatikoa erabiliz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz eta arabieraz ere irakur daitezke webgunearen edukiak.
Modu honetara, euskara ez dakiten ikastolako komunitateko gurasoek eskura dute euren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera eskaintzen du. Gaurko gizartean inklusiorako behar beharrezko beste pauso garrantzitsu bat bezala ikusi du urrats hau Orioko Herri Ikastolak, nork bere ama-hizkuntzan informazioa jasotzeko aukera ematen baitu.
Alor honetan aitzindaria izan da Orioko Herri Ikastola, lehenbiziko ikastola baita webgunea beste zortzi hizkuntzatan ere eskaintzen duena.
Orioko Herri Ikastola anitza da eta kultura askoz inguratua dago, gainera. Ikastolaren helburua, Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, euskal herritar izateko baliabideak eskaintzea da eta, aldi berean euren ekarpenak aberastasun gisa ulertzea. Horretarako sortu genuen Kultura-aniztasun Taldea, eta tarteka biltzen dira arlo honen inguruan ekarpenak egin eta elkar aberastu eta ikuspegi hori komunitatera zabaltzeko.
Kultura-aniztasun Taldean, besteak beste integrazioan eta inklusioan hobekuntzak egiteko proposamenak egiten eta lantzen dira, kulturartekotasuna eraiki eta parte hartzea sustatuz, eta webgunea euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan aberastea egiteko horren adibide bat da, komunikazioa guztia lortzeko gakoa baita.