Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

ERASMUS+ Cadavaletik (Portugal) hiru irakasle Orioko Herri Ikastolan bisitan

2024/05/24

Ikastolako bi irakasle egon dira Portugaleko lurraldean astebete, eta orain hango hiru irakasle dira aste hau hemen pasa dutenak.

 

Erasmus+ egitasmoak Europan unibertsitatekoak ez diren bestelako ikasketa guztiak hartzen ditu bere barruan. Horrela, gure ikastolako ikasle eta irakasleek parte hartu dezakete ekimen honetan, besteak beste atzerriko eskoletara bisitak egiten edo bertan ikasten epe desberdinetan. Esaterako, joan den astean Jaione eta Jaime LH2ko tutoreak Cadavalen izan dira bertako hiru herritako eskoletan. Han bertan ezagututako Ana Paula, Dulce eta Paula irakasleak dira egunotan Orioko ikastolan dabiltzanak Job Shadowing (langile itzala) egiten, bertako irakasleen ondoan hemen erabiltzen ditugun metodologia desberdinak eta pedagogia ereduan trebatzen.

Ikastolaren izaera irekia goraipatu dute; harrera bikaina jaso dutela, ikasleak oinez edo bizikletan gerturatzen direla bertara, nolako partehartze zuzena eta harreman estua duten familiek ikastolarekin, ikasleen lanerako jarrera eta autonomia, azalpenak emateko erraztasuna, unean lantzen ari direna laburbiltzeko duten gaitasuna, erabiltzen diren metodologia aurrerakoiak esperientzia eta bizipenetan oinarrituta, txikitatik landutako inpaktuak ikasturteetan aurrera doazenean koherenteak direla eta LH bukatzerako nolako frutuak ematen dituen… Irakasle moduan buruan darabilten teorizazio gehiena errealitatera ekarrita ikusi dutela aipatu dute.

Bigarren ikasturtea da Orioko ikastolak Erasmus+ proiektuan parte hartzen duena; Cadavalekoentzat berriz aurrenekoa. Esperientzia bikaina izan da guztientzat eta proiektuari etekina ateratzen jarraitzeko apustua egiteko prest daude, baita sortu den harreman estuarekin jarraitzeko eta irakasleak ezezik, ikasleak ere harremanetan jarriko dituzte euren bizipenak partekatu ditzaten. Honekin Ikastolak helburu moduan duen Pertsona Ereduaren ezaugarri desberdinei erantzungo die: Eleaniztuna -errealitate linguistiko desberdinekin harremanetan jarriz-, Jakinmina duena -beste errealitate batzuk ezagutzeko gogoa piztuz-, eta Enpatikoa -beste errealitate hoietako pertsonak ulertzen eta beraien egoeran jartzen saiatuz-.

Aurreneko aldia izan da irakasleen Job Shadowing jarduera burutu dutena; aste honen ondoren Orioko Herri Ikastolak eta Orioko herriak berak munduan presentzia piska bat gehiago du.
 

 

ERASMUS+ Cadavaletik (Portugal) hiru irakasle Orioko Herri Ikastolan bisitan