Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Benito Lertxundi eta Olatz Zugastiri omenaldia ikastolan

2024/06/10

Orioko Herri ikastola, Benito eta Olatz soka beretik lotuta doazen izenak dira. Bakoitzaren ibilbidean, bestearen bideak bat egin du maiz, eta horren eskertza xume bezain hunkigarria izan da gaurkoa. Benitok aipatu digun bezala, berak sortutako lehen abestia, Loretxoa, eta ikastolen sorrera garai beretsukoak dira. Hortxe  beraz,  soka honen hasiera non dagoen.

 

Olatz eta Benito ikastolara gonbidatu ditugu, beraiena ere baden etxera, eta aretoan zituzten zain HH eta LHko ikasleak.  Asteak entsaiatzen zeramatzan abesbatzak denok ezagun ditugun abestiak abestu ditu (Loretxoa, Mirotzak, Zenbat gera, Bizirik gaudelako,...). Ez dira falta izan esker hitzak, alde batetik zein bestetik, opariak, oroigarriak, ohorezko agurra dantzatu duten dantzariak,... malkoak.  Esan bezala, ekitaldi xumea izan da, baina bertan ginen guztiok nekez ahaztuko duguna. Benitok argi esan duen moduan, gauzarik sakonekak xumeenak izaten dira.

Mila esker Benito eta Olatz, barruan duzuen hori ikastolari eta  herriari emateagatik. Guk ere gaurkoan, gure aletxoa eman nahi izan dizuegu. Zuek jarritako haziak indartsu hazten jarraitu dezan lanean jarraituko dugu guk. Mila esker bihotz-bihotzez! Nahi duzuen arte.

 

Orioko Herri ikastola, Benito eta Olatz soka beretik lotuta doazen izenak dira.